Iñaki de Juana presoari espetxe arindua kentzea eta bigarren gradura itzularaztea erabaki du Espainiako Espetxe Erakundeetako Zuzendaritza nagusiak. Erakunde horrek agertu du dagoeneko ez dagoela De Juanari espetxe arindua ezartzeko arrazoirik, osasunez ondo dagoelako. Preso donostiarrak bi gose greba egin zituen jarraian, eta hiltzeko arriskuan izatera heldu zen. Orduan ezarri zioten espetxe arindua.
Nolanahi ere, Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzaren erabakiak ez du eraginik izango De Juanaren egoeran. Izan ere, Donostiako Ospitaletik Madrilgo Aranjuezko kartzelara eraman zutenetik, bigarren graduaren pareko erregimenean bizi da. Kartzeletako araudiaren arabera, sei hilabetean behin berrikusten da presoen sailkapena, eta orain zegokien De Juanarena aztertzea.
Preso donostiarrak ETAko kide izateagatik eta hainbat atentatutan parte hartzeagatik ezarritako kartzela zigorra bete zuen. Horren ostean, ordea, ez zuten aske utzi. Aitzitik, Espainiako Auzitegi Nazionalakl auzipetu egin zuen berriro Gara-n idatzitako bi artikulurengatik. Hasiera batean, 93 urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskaltzak. De Juanak bi hilabeteko gose greba egin zuen, eta 13ra jaitsi zuen eskaera. Azkenean, 3 urteko zigorra ezarri zion joan den otsailean Auzitegi Nazionalak. Hori dela eta, bigarren gose greba hasi zuen, eta ehun egunetik gora egon zen ezer jan gabe espetxealdia arindu eta Donostiako Ospitalera eraman zuten arte.
Ekainaren hasieran, ordea, ustez De Juanak senda-agiria jaso eta zigorpean izan arren etxera joan behar zuenean, Aranjuezko kartzelara itzularazi zuten.
Presoak
Espetxe arindua kendu diote Iñaki de Juanari
Osasunez ondo dagoela, eta neurri hori hartzeko arrazoik desagertu direla erabaki du Espainiako Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzak. Dena den, egungo egoeran jarraituko du De Juanak, bigarren graduan baitago Aranjuezko kartzelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu