euskal presoak

Espetxe politika aldatu eta baketzean urratsak egiteko eskatu diote plazetan Espainiari

Ekitaldiak 232 plazatan antolatu dituzte Herrira-ko kideek, goizetik hasi eta iluntzera arte. Mugimenduak jakinarazitako datuen arabera, 12.000 pertsona inguruk hartu dute parte eguerdira arte egin dituzten mobilizazioetan. '#M18plazara' etiketa darabilte egun osoan ekitaldien berri emateko. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1780/[/Berriatb]

2013ko maiatzaren 18a
18:11
Entzun

Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira leloarekin, 232 mobilizazio deitu ditu gaurko Herrira plataformak. Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ere deitu dituzte herritarrak mobilizatzera, eta guztiekin mapa interaktiboa egin dute.

Goizean eguraldi txarra dela-eta, herri batzuetako ekimenak bertan behera utzi behar izan dituzte. Esaterako, Miarritzen (Lapurdi) egitekoak ziren Preso Shake-a ezin izan dute egin. Azkainen ere egitekoak ziren futbol txapelketa bertan behera utzi dute. Edonola ere, ia ehun pertsona batu dira Miarritzeko gaztetxean. Beste hainbat lekutan ere egin dituzte elkarretaratzeak dagoeneko; Donostiako Egia auzoan 300 bat pertsona elkartu dira, eta Donibane Lohitzunen (Lapurdi) 40 lagun inguru, adibidez.

Beste ekimen eredu batzuk egin dituzte hainbat herri eta auzotan. Oiartzunen, esaterako, 200 metroko patio bat ezarri dute. Donostiako Alde Zaharrean, sokatiran aritu dira, eta herri krossa egin dute Arrasaten. Iruñean, auzoetan mila pertsona inguru elkartu dira, eta 500 bat udaletxeko plazan. Orotara, 12.000 pertsonak hartu dute parte eguerdira arte egin dituzte ekimenetan, Herrira-k jakinarazi duenez.

Bestelako espetxe politika bat bakerako "urrats bat" izango litzatekeela adierazi du Durangon Herrira-ko kide Ibon Meñikak. "Eskatzen dugu espetxe politikaren aldaketak euskal gatazkaren konponbide agertoki bat ahalbidetzea eta Euskal Herrian bakea izateko lehen urratsa izatea", esan du.

Parot doktrina desagertzea, presoen sakabanaketa bertan behera uztea eta gaixo dauden presoak libre uztea galdegin du Meñikak.

Horretarako, Baionan joan den azaroaren 10ean eta BIlbon urtarrilaren 12an lortutako babes zabala auzo, herri eta hiri guztietara eramatea da asmoa. Presoen heriotzak, senideen istripuak eta, oro har, indarrean dagoen espetxe politika larriak berea egin dezan. Euskal Herriko plazak giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde bete nahi dituzte, eta, horretarako, herritarrak, instituzioak, eragileak eta alderdiak modu aktiboan mobilizatzera deitu ditu.

Atxikimendu ugari

Zortzi alderdi politikok jakinarazi zuten joan den astean bihar egingo den ekimenarekin bat egiten dutela. Sortuk, EAk, EBk, Alternatibak, Aralarrek, Eusko Ekintzak, EHK-k eta Gorripideak azaldu diote atximendua Herrira-k antolatutako ekimenari. Espainiako eta Frantziako gobernuek duten jarrera "itxia" ikusirik, "herritarren protagonismoa" aldarrikatu dute, presoen eskubideak errespetarazteko.

"Salbuespen neurrien" aurka, plazara deitu dute sindikatuek ere. ELAk, LABek, EHNEk, ESK-k, Hiruk, EILASek, Solidarik eta CNTk bat egin dute Herrira-ren larunbateko ekitaldiekin. "Pausoak eman behar dira bakea eta konponbidea lortzeko", esan zuten, eta ziurtatu zuten sindikatuek ere lanean jarraituko dutela presoen eskubideak errespetarazteko eta "salbuespen neurriak" indargabetzeko. Eliza katolikoko hainbat pertsonak ere bat egin zuten deialdiarekin. 

 Ikusi argazki galeria, hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.