Presoen egoera

Espetxe politika aldatzeko eskatu dute ehun udalek baino gehiagok

Euskal presoen eskubideak errespetatu eta konponbideari begira aritzeko deia egin dute, Bilduk aurkeztutako mozioa onartutaEtzi Bilbon egingo den mobilizaziora «modu masiboan» joateko eskatu du Bilduk

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Egun indarrean dagoen espetxe politika aldatu dadila eskatu dute Hego Euskal Herriko ehun udalek baino gehiagok; presoen aurkako salbuespen neurriak amaitu daitezela, eta espetxe politika «konponbide demokratikoari begira» jar dadila. Bilduk udaletan aurkeztutako mozioen bidez, bost neurri zehatz aldarrikatu dituzte: Sakabanaketa amaitu dadila eta euskal presoak Euskal Herrira eraman ditzatela; gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatu ditzatela; zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak kaleratu ditzatela; epaiketa zain behin-behinean preso dituztenak behin-behinean aske utz ditzatela epaiketa izan artean; eta, espetxealdien luzamendua dakarren 197/2006 doktrina bertan behera geratu dadila.

Mozioa udaletara eraman duten Bilduko ordezkariek eman dute eskaeren berri, Bilbon egindako agerraldian. Igorreko alkate Beñat Anzolak eta Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek egin dute bozeramaile lana, beste hainbat hautetsiren babesarekin. Bertan izan dira, besteak beste, Itziar Duoandikoetxea Arrankudiagako alkatea, Josean Llaguno Sopuertako alkatea, Asier Vega Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkidea, eta Ana Etxarte Bilboko zinegotzia.

EAJren ezetza

Gustura azaldu dira hautetsiak mozioak utzi duen emaitzarekin. «Balorazioa are baikorragoa da kontutan hartuta sakabanaketa amaitzeko aldarriak gizartean duen hedapena», gaineratu du Bidegurenek. Hala ere, alderdi politiko batzuen erantzunarekin ez daude horren pozik. Alderdietako ordezkariek udal guztietan hartu duten jarrera ez dela berdina izan zehaztu arren, «sorpresarik» hartu dutela azaldu du Bermeoko alkateak. Eta ezuste horiek ez dituzte gustuko izan. PP, UPN eta PSE-EEko ordezkariek ez dute presoen eskubideen aldeko mozioa onartu. «Baina hori espero genuen», adierazi dute. EAJren jarrerak harritu ditu. «Badakigu EAJko jendeak bat egiten duela eskaera horiekin, baina EAJko hautetsiek ez dute mozioa babestu». Azaldu dutenez, aurka bozkatu dute udal batzuetan, eta besteetan abstentzioa. Bilduko hautetsiek ez dute jarrera hori ulertzen.

Ehundik gora udalek onartutako mozioaren nondik norakoen berri emateaz gain, larunbatean Bilbon presoen eskubideen alde egingo den manifestazioari babesa emateko ere baliatu dute agerraldia alkate eta zinegotziek. Mobilizazioa «modu masiboan» babesteko eskatu diete herritarrei. «Espetxe politika konponbide demokratikorako klabeetan jarri behar da», nabarmendu dute.

Presoak eta konponbidea

Izan ere, presoen egoera iraultzeak berebiziko garrantzia du gatazkaren konponbiderako, Anzolak ohartarazi duenez. «Agertoki berria orain jaio» dela esan du; «baina garatu eta finkatu egin behar da, etorkizunera begira benetako bake eta demokraziarako bidea egin dadin».

Bilduko ordezkarien ustez, azken hilabeteetan izan diren «elkarrizketa, akordio eta adierazpenek» erakusten dute egiten ari den bideak «behin betiko konponbidera» eraman dezakeela. Baina hori hala izan dadin, urratsak eman behar direla ohartarazi dute. «Indarkeria, errepresio eta sufrimenduaren aroa gainditu» nahi bada, «erantzukizunez jokatzeko garaia» dela ohartarazi dute. Eta horrek, ezinbestean, presoak eta iheslariak etxeratzea eskatuko duela; «gatazka eragin duten arrazoiak gainditzea» beharrezko izango dela, baina baita gatazkak eragindako ondorioei aterabidea ematea ere. «Ez da bake eta demokrazia agertoki egongo urrats hori gabe».

Bilduko kideen esanetan, horregatik du horrenbesteko garrantzia euskal presoen gaiari lehenbailehen eutsi eta konponbideari begira jartzeak. Eta horregatik eskatu die herritarrei lan horretan parte hartu eta mobilizatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.