Espetxe politika aldatzeko urratsak egiteko eskatu die Bilduk PPri, UPNri eta PSNri

«Hiltzaileek ere ez zituzten biktimen eskubideak errespetatu», erantzun dio Adanerok

joxerra senar
Iruñea
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Garai politiko berria, iraganeko hizkuntza. Atzo arratsaldean, Nafarroako Gobernuari euskal preso politikoen eskubideak errespetatzeko exijitzen zion Bilduren mozioa eztabaidatu zuen Parlamentuak osoko bilkuran. UPNk, PPk eta PSNk atzera bota zuten. Bilduko Maiorga Ramirezek alderdi horiei zuzenean galdetu zien zer ekarpen egiteko prest diren bakea sendotzeko. Ramirezek ohartarazi zuen «premiazkoa» delapresoen aldeko neurriak hartzea. Azpimarratu zuen ez dagoela zertan legea urratu , eta garrantzitsutzat jo zuen presoen oinarrizko eskubideak errespetatzea.

Mozioan, gainera, eskatzen zuten sakabanaketa bertan behera uzteko eta larri dauden presoak zein zigorra bete dutenak askatzeko. Nafarroako exekutiboak ez du espetxe arloko eskumenik, baina adostasuna lortzea garrantzitsutzat jotzen du Bilduk.

NaBaiko Nekane Perezek Bilduren ildotik jo zuen, eta esan zuen «pauso ausartak» egin behar direla. «Espetxe politika aldatzeko eskatzen dugu. Ez da zigorgabetasuna aldarrikatzen». Espetxe politikaren helburua gizarteratzea dela esan ohi dute maiz zenbait alderdik. Perezek hori esan ohi duten alderdiei galdetu zien benetan horretan sinesten duten. «Ezin da zigor gisa erabili eskubideen urratzea», esan zuen.

Ezkerra koalizioko Jose Miguel Nuinek zuzenketa bat aurkeztu zuen, preso politiko adiera kentzeko eskatuz, sakoneko eztabaida saihestu egiten duelakoan. Hala ere, Nuinen ustez, egungo espetxe politika «salbuespenezkoa» da, eta bertan behera utzi behar da, «baldintzarik gabe».

UPNk mezu hertsia

UPNk, PPk eta PSNk beren lubaki politikoan jarraitzen dute. Ez zioten heldu mozioaren muinari. Presoen izaera politikoa ukatu zuten hirurek, eta bereziki UPNk agerian utzi zuen deserosotasuna. Carlos Garcia Adanerok zalantzan jarri zuen presoak Euskal Herriratzea, «Euskal Herria asmakizun bat delako. Nafarroara eta EAEra gerturatzea esan nahiko duzue». Esan zuen «hiltzaileek» ez zituztela «hildakoen eskubideak errespetatu». Batzuen «harropuzkeria» gaitzetsi zuen: «Oraindik ere ETAn egoteaz harro eta independentzia lortu arte jo eta ke aritu behar diren ahotsak entzuten dira».

PSNko Juan Jose Lizarberen ustez, oso zaila izango da ados jartzea «gertatu dena onartzen ez bada». Haren hitzetan, garrantzitsua da ETA desegitea, «beren larruan jasan dutenek sinets dezaten amaitu dela». Garai berria kudeatzeko eredua Kongresuko Adierazpenak ezartzen duela esan zuen.

Bilduk erantzun zien ez direla gai azaltzeko zergatik ezartzendiren espetxe neurri desberdinak ohiko presoekin eta euskal presoekin. «Horregatik dira politikoak, helburu politikoa duten salbuespenezko neurriak ezartzen zaizkielako». Banan-banan mozioaren hiru puntuak argudiatzeko eta bozkatzeko eskatu zien. Ezezkoa izan zen erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.