Espetxe politika amaitzeko giltza indar metaketa dela adierazi dute

Euskal Herriko gizarte eragile ugarik bat egin dute etzi Donostian egingo den manifestazio nazionalarekinPSE-EEk dio ETAk egiten duela presoen eskubideen aurka, «eta ez gobernuak»

Manifestazioari babesa eman dioten eragileen ordezkariak, Donostian, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herriko gizarte eragile ugarik bat egin dute euskal presoen eskubideen alde larunbatean Donostian egingo den manifestazioarekin. «Xantaian eta mendekuan» oinarritutako espetxe politika amaitzeko «giltza» eragileen arteko elkarlana eta indar metaketa dela nabarmendu dute, eta euskal gizarteari dei egin diote presoen eskubideen alde egingo diren mobilizazioetan parte hartzera. «Eskubide guztien errespetua» oinarri izango duen «garai berriak» herritar guztien beharra duela nabarmendu dute.

Egin Dezagun Bidea herri ekimenak antolatu duen manifestazioarekin bat egin dute ezker abertzaleak, Alternatibak, EAk, Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak; LAB, Hiru, EHNE, ESK eta EILAS sindikatuek, eta Lokarri eta Bilgune Feminista elkarteek. Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak ere eman du atxikimendua, eta arte eszenikoetako 40tik gora profesionalek bat egin dute ekimenarekin, besteak beste manifestaziorako deia egiten duten bideoetan parte hartuz. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Donostiako Zinemaldiak —ostiralean hasiko da— nazioartean duen oihartzuna baliatu nahi dute presoen eskubideen aldeko aldarrikapena zabaltzeko. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Antigua auzoko tuneletik Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira. Egin dezagun bidea lelopean.

Donostian eginiko prentsaurrekoan, euskal presoek Espainiako eta Frantziako kartzeletan pairatzen duten egoerarekin «kezkatuta» azaldu dira agiria sinatu duten eragileak. Era berean, euren «konpromisoa» agertu dute «errepresio izaera» duen espetxe politikarekin amaitzeko. Euskal presoak «eskubide guztien jabe» Euskal Herriratzea eskatu dute, eta «bizi arteko espetxe zigorra» ahalbidetzen duen Auzitegi Goreneko 197/2006 doktrina —Parot doktrina— indargabetzea eta gaixo dauden presoak askatzea exijitu dute.

Guztien izenean, Aitziber Blanco Lokarriren ordezkariak eta Ainhoa Larrabe Euskal Herriak Bere Eskolako kideak irakurri dute agiria. Haiekin batera, aipatu gizarte eragileetako ordezkaritza zabala izan da. Besteak beste, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidea, Rebeka Ubera Aralarreko batzarkidea, Ikerne Badiola EAko komunikazio idazkaria, Mattin Troitiño Etxerateko eleduna eta Jabi Garnika LABekoa.

Presoen ekarpena

Eragile horiek uste dute indarrean den espetxe politikak «traba» egiten diola euskal gatazkaren konponbide prozesuari, euskal presoak «xantaia eta mendekuaren» bidez «erabiltzen» dituelako. Eragile horien arabera, euskal presoak eragile aktibo izan behar dute konponbide prozesuan.

Mezu hori bera helarazi asmoz, Gernikako Akordioaren sinatzaileen ordezkaritza bat Madrilen izan zen herenegun, Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Zaintzarako zuzendariarekin biltzeko asmoz, baina honek ez zituen hartu. Gutuna utzi zioten, euskal presoen eskubideen inguruan akordioak dioena betetzeko eskatu zioten, eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin biltzeko dituzten oztopoak eteteko.

Komunikabideetara igorritako ohar batean, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak Gernikako Akordioaren sinatzaileei erantzun die. Haren ustez, «ETA da bere presoen eskubideen aurka egiten duena, eta ez [Espainiako] Gobernua». «Presoak hertsatzen ditu ETAk, kartzeletako abantailak hartzea galaraziz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.