«Alarma gorria» piztu du Etxerat-ek. Haien senide eta lagun presoak jasaten ari diren muturreko egoerek «atzera bueltarik ez duten egoerak» ekarriko dituen beldur dira. «Berandu izan baino lehen eta egoera atzeraezinen aurrean egon baino lehen, indarrean dagoen espetxe politika behingoz bukatzea eskatzen dugu», adierazi dute Mattin Troitiñok eta Biki Gorostiagak Etxerat-en izenean.
Aste honetako gertaerek erakusten dute egoeraren larritasuna, presoen senideen hitzetan. «Aste beltza» izaten ari dela azaldu dute. Asteburuan izandako bi auto istripuak dira horren erakusle. Josu Ginea presoaren bi lagunek izan zuten istripua, Estremerako espetxean bisita egin ondoren etxera bidean zirela. Juantxu Tobalina eta Paula Rodriguez presoen beste bi lagunek, Caceresko kartzelatik bueltan zirela.
Eta ez dira gertaera bakanak izan, sakabanaketa politikaren ondorio zuzenak baizik. Aurten, presoak bisitatzera joandako 11 senide eta lagunek izan dute auto istripua. 400 izan dira azken 22 urteetan. Eta hamasei senide eta lagun hil dira errepidean, presoak ikusi ahal izateko egin beharreko bidaia luzeetan. «Astebururo 1.300 kilometro egin behar ditugu, batez beste. Ezin gara egon astebururo errusiar erruleta maltzur horretan murgilduta. Egoera jasanezina da», ohartarazi dute.
Ibon Iparragirre presoaren egoera ere «jasangaitza» dela diote. GIBduna da, eta haren egoera «oso-oso larria da». Abiadura handian, egunetik egunera okertzen ari da, gainera. Iparragirreren ama Angelita Burgoak ohartarazi du semeak defentsak oso baxu dituela eta edozein infekzio arrunt hartuz gero haren egoera «atzeraezin» bihur daitekeela.
Preso daraman urtebetean okerrera egin du, oso larri dago, gainera. Amak kontatu duenez, 17 urte zituenetik seropositiboa da, baina bizimodu erabat arrunta egiten zuen; bi seme-alaba ere izan zituen. Hogei urtez gaitza kontrolatua izan ondoren, espetxeratu eta berehala, gainbehera egin zuen haren osasunak, eta azken hilabeteetan hondoa jotzen ari da. Itsututa dago ia, eta ez da irakurtzeko edo idazteko gai.
Abuztu amaieran ekarri zuten Euskal Herrira Iparragirre, Basaurira. Egoera larria zela ikusita, berehala espero zuen etxean familiak, baina Basaurin dute oraindik preso. «Zeren zain daude?», galdetu du kezkatuta amak. Kaleratu dezatela eskatzeko, Basauriko espetxearen aurrean elkarretaratzea egingo dute gaur 11:30ean, eta senideen elkarteak parte hartzeko eskatu du.
Espetxe politika berandu baino lehen aldatzeko premia agertu dute
Infekzio soil batek «atzeraezin» bihur dezake Ibon Iparragirre presoaren egoera; aska dezatela exijitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu