balorazioa

Espetxe politika berrirako legea ezartzeko eta aldatzeko eskatu du Egin Dezagun Bideak

Espainiako eta Frantziako gobernuei larunbateko manifestazioko aldarrikapenak aintzat hartzeko galdegin die. Martxarekin bat egin ez zutenei, berriz, "hitzetik ekintzetara" pasatzeko. Mobilizazio berriak iragarri dituzte.

2012ko urtarrilaren 9a
14:51
Entzun

Euskal presoen eskubideen alde larunbatean izandako manifestazioarekin oso gustura bukatu duela esan du berriro Egin Dezagun Bidea mugimenduak, eta mobilizazio berriak izango direla aurreratu du, zehaztu gabe. Helburua: gaurko espetxe politika bukatu eta neurri berriak hartzea.

Hori guztia legez posible dela azpimarratu dute Beñat Zarrabeitia eta Nagore Garcia bozeramaileek gaur, Bilbon. Kasu batzuetan legedia bera ezarrita egin daitekeela esan dute —presoen sakabanaketa amaitu, gaixotasun larriak dituztenak askatu...— eta beste kasu batzuetan legea aldatuta —zigorra beteta duten presoei ez jarriz kondena berririk—.

Kartzela politika berrirako, azken batean, "borondate politikoa" behar dela adierazi du Egin Dezagun Bideak, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei exijitu die aintzat hartzeko euskal gizartearen "gehiengoaren" eskaria.

Manifestazioarekin bat egin ez zuten eragileei, berriz, "hitzetik ekintzetara" pasatzeko eskatu diete Zarrabeitiak eta Garciak. Esaterako, EAJk ez zuen bat egin deialdiarekin, aldarrikapen nagusiekin ados egon arren.

Euskal gizarteari presoen eskubideen alde mobilizatzen jarraitzeko galdegin diete.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.