Bilbon hitzaldi bat egin du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta bertan jakinarazi du espetxe politika "epeka" egokitzeko proposamen bat aurkeztu ziola Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.
"Egoera berrira" egokitzeko proposamen "zehatza" aurkeztu diola azaldu du gaur Urkulluk. Testuan "bakearen eta bizikidetzaren esparruetan lan egiteko aukeren" inguruan eginiko hausnarketak jaso ditu Urkulluk. Uste du "eman beharreko" urratsak daudela iraganean eragindako oinazearen inguruan, eta erantsi du "gaur egun preso dauden asko" daudela hori egiteko prest. Madrilek, berriz, espetxe politika "malguago" bat ezar dezakeela iritzi dio Urkullluk. Aitortu du ez duela Rajoyren erantzunik jaso, baina gaineratu du lanean jarraituko duela.
Halaber, Jaurlaritzako lehendakariak azaldu du ekainean aurkeztuko duela "Bakeari, Giza Eskubideei eta Bizikidetzari buruzko Plan" berria. Plan horrek Oroimenaren eta Bizikidetzaren Institutua sortzeko proposamena jasoko du.
Ezetzari aurre
Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak espetxe politikaz eta EAJk horren aurrean duen jarreraz jardun du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Esan du "ongi" dagoela PPri esatea espetxe politikan aldaketak behar direla, baina gaineratu du ezekoaren aurrean eskaerak egitetik "haratago" joan beharra dagoela.