«Espetxe politika kriminala» bertan behera utzi behar da, ezker abertzalearen irudiko, «urgentziaz». Maribi Ugarteburu bozeramaileak azaldu du gatazka konpontzeko «atzera bueltarik gabeko» urratsak egiteko aukera dagoela, eta, orain, bi ardatz nagusi daude, haren iritziz, bete beharrekoak: espetxe politika bertan behera uztea eta ezker abertzalea legeztatzea. Bigarren horren ondorioz errepresioa eta jazarpena amaitu egin beharko liratekeela nabarmendu du. Izan ere, Txelui Morenok azaldu du etengabea dela ezker abertzaleko kideek jasaten duten jarraipena: «Gaur ere gurekin dabiltza bi polizia. Kafetegian gelditu dira gu hona jaitsi garenean».
«Salbuespen egoera» gainditu beharra dagoela nabarmendu zuten ezker abertzaleko kideek, atzo Donostian emandako prentsaurrekoan. Presoei dagokienez, Espainiako eta Frantziako gobernuek bete beharreko gutxienekoak zeintzuk diren ere zehaztu dute: sakabanaketa amaitzea, gaixo dauden presoak askatzea, eta Parot doktrina esaten zaion 197/2006 doktrina aplikatu dieten presoak eta badaezpadako egoeran dituztenak aske uztea.
Eragileei inplikatzeko eskatu diete, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei prozesuak aurrera egin dezan «laguntzeko». Hala ere, ezker abertzaleak uste du prozesu horren motorra herritarrak izango direla, eta «ahaleginak areagotzeko» deia egin diete haiei, eta bihar Donostian egingo den manifestazioan «modu masiboan» parte hartzeko.
Atxikimendu ugari
Ez da ezker abertzalea izan biharko manifestaziorako deia egin duen bakarra. Herenegun hainbat eragilek mobilizaziorako deia egin ostean, beste hainbeste egin zuten atzo ELAk, Autonomia Eraikitzen-ek eta Argentinako hainbat idazlek ere. «Espetxe politika ezin da erabili xantaia eta presio politikorako arma gisara», dio ELAk komunikabideetara igorritako oharrean. Horregatik, presoen eskubideak «zorrotz» errespetatzeko eskatu dio sindikatuak Espainiako Gobernuari. Sakabanaketa, bakartzeak eta zigorren luzapenak bertan behera uzteko eskatu du. Gaixo dauden presoak eta zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkatenak askatzeko ere eskatu du sindikatuak.
Carlos Urkijo PPko legebiltzarkideak, berriz, manifestazioa debekatzea galdegin dio Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari.
Espetxe politika «kriminala» aldatzea urgentziazkotzat du ezker abertzaleak
ELA sindikatuak bihar manifestaziora joateko deia egin du, eta PPk mobilizazioa debekatzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu