Josu Uribetxebarriaren auzia amaitu bada ere, «euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriek» indarrean jarraitzen dute, eta haiek indargabetzeko helburua lortu bidean, Estrasburgora joan ziren atzo Herrira mugimenduko kideak. Europako Legebiltzarrean salatu dute Espainiako eta Frantziako gobernuek aurrera daramaten espetxe politika, kanpoan elkarretaratzea eginda, eta barruan hainbat parlamentarirekin bilduta. Baikor agertu da Herrira, «dinamika berriak eta lan egiteko aukera ezberdinak planteatzen ari direlako Europa mailan».
Legebiltzarraren aurrean Euskal Herritik joandako 70 bat lagun elkartu ziren. «Bizi guztiko espetxe zigorra kentzeko» eskatu zuten, batetik, eta Frantziako eta Espainiako gobernuek aurrera daramaten espetxe politika amaitzeko, bestetik. Herrira-ren marka bihurtzen ari diren aulki hutsak ere atera zituzten.
Bilerak egiten asteazkenean hasi ziren. Martina Anderson Sinn Feineko europarlamentariarekin bildu ziren—preso ohia da, eta Ipar Irlandako Biltzarreko kidea—. Ostegunean, Jose Luis Linazasoro European Free Alianceko —Eskoziako, Herrialde Katalanetako, Korsikako, Valoniako, Galesko eta beste herri batzuetako legebiltzarkideak daude talde horretan— idazkari nagusiarekin eta talde horretako Ana Miranda (BNG) legebiltzarkidearekin bildu ziren. Herrira-k jakinarazi du «bizi guztiko zigorraren» inguruko kezka azaldu zietela haiek, eta legebiltzarrean galdera bat egiteko aukera ere jarri dutela mahai gainean.
Tatiana Zdanoka Letoniako legebiltzarkidearekin bildu ziren gero, eta «muturreko egoeren» inguruan hitz egin zuten. Catherine Grezerekin ere egin zuten bilera, eta harekin Ines del Rioren auziari buruz hitz egin zuten. Izan ere, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina gisara ezagutzen den 197/2006 epaiaren kontra egin zuen, Del Riori arrazoia emanez. Jordi Bacardit ERCko idazkariarekin ere bildu ziren. Bilera horien «balorazio positiboa» egin dute.
Hain justu Parot doktrina aplikatu dieten presoen herrietan elkarretaratzeak egingo dituzte gaur. Esate baterako, 12:30ean egingo dute Errenterian, 12:00etan Tolosan, 19:00etan Azpeitian, 12:30ean Bilbon, 13:00etan Zornotzan, Elorrion, Bermeon eta Ondarroan, 13:30ean Gasteizen, 12:00etan Iruñean, 18:00etan Elizondon eta 19:00etan Lekunberrin.
Euskal presoak
Espetxe politika salatu du Herrira-k Estrasburgon
Elkarretaratzea egin dute Legebiltzarraren aurrean, eta parlamentariekin bilerak egin dituzte, presoen egoeraz hitz egitekoBaikor etorri dira, «lan egiteko aukera berriak» ikusi dituztelako Europan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu