Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ukatu egin du gaur PSE-EE eta PP espetxe politikagatik urrundu direla. Patxi Lopez lehendakariak atzo esan zuen Espainiako Gobernuak borondatea badu, espetxe politika aldatu daitekeela, eta Alfonso Alonso PPko parlamentariak gaur erantzun dio presioa ETAri egiteko, eta ez Gobernuari.
"Ez dago PSE-EE eta PPren arteko harremanetan ez pitzadurarik ezta urruntzerik ere", adierazi du Mendiak, eta Lopezek esan zuena eta Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak esan zuena bat datozela esan du: "Ministroa argi mintzatu zen, eta lehendakaria ere bai".
Mariano Raxoi Espainiako presidentea gaiaren inguruan publikoki mintzatzea espero duela esan du.
Fernandez Diaz: "Ez dugu presiorik onartuko"
Jorge Fernandez Diazek larunbateko euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa izan du gaur hizpide, eta esan du Espainiako Gobernuak ez duela presiorik onartuko. "Gobernua presionatu nahi badute, oker dabiltza, ez baitugu presiorik onartuko", esan du gaur goizean Espainiako telebista batean egin dioten elkarrizketan.
Presoen eskubideen aldeko manifestazioa urtero egiten dela gogorarazi du, eta garrantzia kendu nahi izan dio horregatik. "Berritasun bakarra da ETAk armak utzi dituela diola da. Abertzaleek Gobernua presionatu nahi dute, baina ETAko presoak modu bereizian hartzea legea haustea litzateke, eta Gobernuak ez du hori egingo".