Espetxe politikari dagokionez Zapaterok Aznar ere gainditu duela uste du AAMk

Datorren iganderako manifestaziora deitu du euskal gizartea, espetxe politika aldatzeko exijitzeko

LIERNI ALKORTA DONOSTIA
2006ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Zapaterok Aznar beragainditu du espetxe politikari dagokionez, eskubideen ukazioan eta Auzitegi Nazionalaren erabilpenean presoen kaleratzea ekiditeko, legeak manipulatu eta prozedura berriak asmatuz», salatu zuen Juan Mari Olano Askatasuneko bozeramaileak atzo AAMk Donostian eginiko prentsaurrekoan. Espetxe politika alda dezaten exijitzeko, datorren igandean Donostiako Bulebarretik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin du AAMk.

Xabin Juaristi Askatasuneko kidea alboan zuela, Olanok azpimarratu zuen Espainiako Gobernua «egiten ari den jokoa arriskutsua» dela eta «epe motzeko ikuspegi itsutik» euskal herritar ororen itxaropenak ez zapuzteko eskatu zion Zapaterori.

Bereziki Espainian baina baita Frantziako kartzeletan ere, espetxe politikan atzerapauso nabarmenak eman direla salatu zuenAAMk. «Sakabanaketa ez da gutxitu; egon diren presoen kartzela aldaketek sakabanaketa areagotu egin dute», azpimarratu zuen Olanok. AAMren arabera, Zapateroren gobernuak presoak negoziazio politikoko mahaian erabili egin nahi ditu. «Egoera muturreraino eraman, eta negoziazio mahai posible batean egoera lehengora itzuli, keinu edo kontzesio bat balitz bezala», adierazi zuen Askatasuneko eledunak.

Askatasunarentzat, euskal presoekin Espainiako Gobernuak daukanjokabidea, «ireki den prozesuarekin eta euskaldunon hitza eta erabakia errespetatzeko duen borondatearen termometroa izango da». Bide horretan, eta orain artekoak ikusita, kezkatzeko arrazoi ugari daudela iritzi dio Olanok, «horrek erakusten duelako ez duela inongo borondaterik».

Zigortuak izan diren kode penalaren arabera zigorra bete duten eta gaixorik dauden euskal presoak berehala askatzeko exijitu zuen Olanok. Ildo beretik, euskal preso guztiak euskal herriratu eta dagozkien eskubide guztiak errespetatzeko ere eskatu zuen. Gogoan izan zuen abuztuaren 7az geroztik gose greba mugagabean den Iñaki de Juana Chaos euskal presoa. «Iñaki de Juana berehala askatzeko exijitzen dugu, guk eta Euskal Herriko gehiengo handiak», gaineratu zuen.

Presoen auzia bideratzea herritarren esku ere badagoela iritzi dio Olanok, eta modu iraunkorrean mobilizazioei heltzeko eskatu zien herritarrei. «Presoen auzia prozesu demokratikoa gauzatu ahal izateko inbertsio garrantzitsua izango da, eta egiten ez baldin badugu, agian guztiok damutuko gara etorkizunean», esan zuen.

Azkeneko bost hilabeteetan gertaturikoak ere gogoratu zituen Askatasuneko eledunak. «48 atxiloketa izan dira udaberritik hona, tortura kasuak ere egon dira eta indar armatu okupatzaileen presentzia inoiz baino handiagoa da Euskal Herrian», esan zuen. Horren guztiaren atzean, erabaki politiko bat dago, gainera, AAMren irudiko.

MANIFESTAZIORAKO DEIA.«Hamaika arrazoi ditugu kalera ateratzeko eta espetxe politika hau errotik alda dezaten exijitzeko», adierazi zuen Xabin Juaristi Askatasuneko kideak. Haren arabera, ordea, hori ez da lortuko klase politikoaren zain egonda. Beraz, datorren igandean Donostiako Bulebarreko kioskoaren albotik 13:30ean aterako den manifestazioan parte hartzeko deia egin zien euskal herritarrei.

«Sakabanaketa ez da murriztu, eta egon diren presoen kartzela aldaketek areagotu egin dute»

juan mari olano
askatasuneko bozeramailea

Hilabete bete du gaur Iñaki de Juana euskal presoak gose greba mugagabean

Aske utz dezaten eskatzeko ekin zion De Juanakgose grebari,abuztuaren 7an
erredakzioa

Donostia

Iñaki de Juana Chaos preso donostiarrak hilabete bete du gaur gose greba mugagabean. Abuztuaren 7an ekin zion grebari, eta 15 bat kilo galdu ditu dagoeneko. Protesta azken muturreraino eramateko prest dago euskal presoa, eta psikologikoki oso gogor omen dago.

1987az geroztik dago preso De Juana. Ordutik gaur arte hamar espetxe baino gehiago ezagutu ditu. Egun, Algecirasko espetxean dago preso,hau da, Euskal Herritik 1.250 kilometrora.

2000. urtean bete zituen zigorraren hiru laurdenak. 2004ko urrian aske behar zuen De Juanak, baina erredentzioetan irregulartasunak zeudela argiaduta preso mantendu zuten, irregulartasun horiek aztertu bitartean. Tartean, 2004ko abenduan bi iritzi artikulu argitaratu zituen De Juanak Gara egunkarian, eta beste auzi bat ireki zioten horregatik. Fiskalak 96 urteko espetxe zigorra eskatzen du, hain zuzen ere, artikulu horiek idazteagatik. Hori dela eta, espetxean jarraitzen du oraindik.

Bereziki gose greba hasi zuenetik, elkartasun keinu eta ekimen ugari jaso ditu De Juanak. Besteak beste, joan den asteburuan, 1.600 sinadura baino gehiago bildu zituztenDonostian, Sagardo Eguna eta Kontxako estropadetako lehen saioak biltzen duen jendetza baliatuz. Sinaduraren bidez, herritarrek De Juanak argitaraturiko bi artikuluekin bat egiteko aukera izan zuten. Datorren igandean ere, sinadura gehiago biltzeko, ekimen berbera eginen dute Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.