Urtero moduan, aurten ere jende ugari bildu da Euskal Herriko hondartzetan Etxerat elkartearen deialdiarekin bat eginez. Hala, espetxe politika salatzeko, giza kateak egin dituzte Zarautzen, Donostian, Orion, Lagan, Muskizen, Ondarroan, Bakion eta Hendaian, besteak beste.
Atzo Plentzia-Gorlizen aldarrikatu genuen #DispertsioaSTOP gaur Muskiz (La Arena), Bakio, Mundakan espetxe politika hiltzailea salatu dugu pic.twitter.com/ms1I3b23gg
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) 2017(e)ko abuztuak 6
Bertan bildutako presoen senide eta lagunek azaldu dute nola astebururo ehunka kilometro egin behar dituzten preso dauden senideak ikusteko. "Ezin dugu salbuespen egoera hau normaltzat onartu. Senide eta lagunak hiru hamarkada daramatzagu horrela, normal bizi ezinean. Gizarteak argi eta garbi esan du sakabanaketak amaitu egin behar duela", nabarmendu zuen Etxerat-ek, eta kalera irteten jarraitzeko eskatu zien herritarrei, "heleburu bakarra sufrimentua duen politika eskubide urratzailea" behin betiko buka dadin.
Elkarretaratzeak baliatuta, bost hizkuntzatan idatzitako eskuorriak banatu dituzte hondartzetan bildutakoen artean. Etxerat-ek adierazi duenez, asko harrituta agertu dira, "ETAk borroka armatua bukatu den honetan, presoen egoeran aldaketarik izan ez delako".
Presoen argazkiak
Gasteizen, berriz, Kalera Kalera eta Gazte Karparen txosnetan zeuden presoen argazkiak kendu zituen Ertzaintzak igandean. Bi taldeek ohartarazi dute argazkiak kentzeak ez dituela presoak jaietatik desagerraraziko: "Berriz jarriko ditugu, eta lehen baino ozengo oihukatuko dugu etxean nahi ditugula".