Espetxe zigorra eskatuko dute heriotza eragiten duten gidarientzat

Fiskaltzak giza-hilketa delitua leporatuko die zuhurtzia faltaren ondorioz errepidean hildakoak eragiten dituzteneiUrtebetetik lau urte arteko kartzela zigorra ezarriko ahal zaie, errudun jo izanez gero

Zornotzan urtarrilean izandako istripu batean bi lagun hil eta 26 zauritu ziren. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Errepideko istripuan heriotza edota zauri larriak eragiten dituzten gidariei giza-hilketa eta lesio delituak leporatu ahalko zaizkie hemendik aurrera Hego Euskal Herrian, baldin eta gidatzean zuhurtziarik gabe jokatu badute. Horren ondorioz, ezbeharren eragileei urtebetetik lau urtera arteko espetxe zigorra ezarri ahal izango zaie hildakoak dauden kasuetan, eta hiru hilabetetik hiru urte artekoa zauri larriak eragiten dituztenean: muineko edota burmuineko lesioak adibidez.

Bartolome Vargas Espainiako Bide Segurtasuneko fiskalak atzo eman zuen jakitera Fiskaltzak hemendik aurrera nola jokatuko duen. «Erantzun penala gogortu nahi da, abiadura handia, alkoholaren eraginpean gidatzea eta gisa horretako gaitzen kontra borrokatzeko», arrazoitu zuen erabakia. Vargasek bilera egin zuen atzo Espainiako Estatuko bide segurtasuneko poliziaburuekin —horien artean Ertzaintzako eta Foruzaingoko arduradunak zeuden—, eta istripu larrietan nola jokatu hitzartu zuten.

Fiskaltzak hainbat kasutan eskatuko du istripua eragin duena espetxeratzeko; besteak beste, orduko 150 kilometotik gorako abiadura gainditu duenean edota gidariak baimendutako alkohol tasa gainditzen duenean. Gidatzean sakelako telefonoz hitz egitea, segurtasun tartea ez betetzea eta atsedenerako denbora tartea errespetatu gabe gidatzea ere giza-hilketa eta lesio delituak egozteko arrazoia izango dira ezbeharrak larriak direnean.

Ildo horretatik, zuhurtzia gabezia larri baten ondorioz izandako istripu larrien kasuan, gidaria berehala espetxeratzeko, ibilgailua konfiskatzeko eta gidabaimena kentzeko eskatuko dute Fiskaltzak eta epaitegietako poliziak. Vargasen iritziz, «hori guztia saihesteko modurik eraginkorrena prebentzioa da».

Era berean, heriotza edota lesio larriak bidetik ateratzearen ondorioz gertatzen direnean, edota argibideak istripuaren eragilea zein izan den zehazten ez duenean, eginbideak hasiko dituzte kasu guztietan.Aztertuko dute errepideak eraginik izan duen istripuan, eta horrekin batera «ibilgailuaren eta pneumatikoen egoera, lan esplotazioa egon den, gidatzeko trebezia falta izan den edota azterketa psikofisikoan irregulartasunik izan den».

Urtebeteko zigorra

Bestalde, Iruñeko zigor arloko lehenengo epaitegiak urtebeteko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati zuhurtzia faltaz eragindako giza-hilketa delitu batengatik eta beste hiru hilabeteko zigorra lesioen delitu batengatik. Epaiaren arabera, 2007ko irailaren 8an, akusatua orduko 180 kilometroko abiaduratik gora zihoan A-12 autobidean, Iruñera bidean, eta beste ibilgailu bat jo zuen. Ezbeharraren ondorioz, beste autoko gidaria hil egin zen eta bidaiari bat larri zauritu zen.

Epaiaren arabera, A-12 autobideko 34. kilometroan izan zen ezbeharra. Akusatua ezkerreko bidetik zihoan, beste ibilgailu bat aurreratzen, baina «gutxieneko arreta arauak ez betetzeagatik», eskuineko bidera sartu eta beste auto bat jo zuen atzetik. Horren ondorioz, autoa errepidetik atera, eta gidaria hil egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.