Atzo Jaiki Hadi elkarteak jakinarazi zuenez, gaixotasun larria dute Ventura Tome eta Ibon Fernandez presoek ere. Prostatako minbizia du Tomek, baina oraindik ez diote txosten medikorik egin, eta ez dakite ziur zenbateraino duen hedatua gaitza. "Kezka sortu die horrek senide eta medikuei", esan du Elias Miner Etxerat elkarteko kideak. Haren arabera, proba horiek egin arte "behintzat" ez dute sartuko gaitz larriak dituzten presoen zerrendan. "Oraindik ebakuntza eta probak egin behar dizkiote", zehaztu du Minerrek. Hamalau dira, beraz, gaur-gaurkoz, zerrenda horretan dauden presoak.
Izan ere, Ibon Fernandezi ere gaitz larri eta sendaezin bat diagnostikatu zioten joan den urtarrilean: esklerosi anizkoitza. Autonomia "oso mugatua" duela jakinarazi du haren bikotelagun Ainara Fresnedak. Gaitz degeneratiboa ere bada Ferndandezena. "Oso bide zaila eta luzea izan da", azaldu du Fresnedak. Hain zuzen, 2010etik ditu osasun arazoak Fernandezek, eta, aurrez zenbait proba egin zizkioten arren, ez zioten diagnostikatu gaitza. "Oinarrizko osasun arretarik ere ez du jaso", esan du Fresnedak.
Testigantza horien berri eman ondoren, gaitz larri eta sendaezinak dituzten presoak eta "bizi osoko zigorra" dutenak aske uzteko eskatu dute Etxerat elkarteko kideek, "beste behin". Gainera, sakabanaketa amaitzea ere exijitu dute. "Argi dugu gure senide eta lagunen eskubideak errespetatzen hasteko garaia dela", esan du.
"Torturatu egin dute Aranburu"
Xabier Aranburu presoaren lagun Artzeiz Bilbaok eman du Ondarroako presoaren egoeraren berri. Hain zuzen, hura bisitatzen izan zen joan den larunbatean. "Oso argal eta zikin ikusi nuen", kontatu du. Hiru urte zeramatzan laguna ikusi gabe: "Oso gogorra izan zen horrela topatzea". Bakartua izan dute Aranburu joan den martxoaren 4tik, eta sei egunez izan dute arroparik gabe eta lorik egiten utzi gabe —"musika berezi bat" jartzen ziotela, eta orduro ateari ostikadak joz ziegara sartzen zitzaizkiola kontatu zion lagunari—, Bilbaok azaldu duenez: "Torturatu egin dute". Dena den, espetxean egindako presioen ondoren, arropa, boligrafo bat eta liburuak eman zizkioten herenegun. Orduan utzi zuen ia astebete lehenago hasitako gose greba. Zigor ziegan dago oraindik; 23 egunez luzatu zioten zigorra. Espetxeko arduradunak senideei esan zien "heriotza mehatxua" egin ziola Aranburuk funtzionarioari, baina presoak lagunari kontatu dio "gezurra" dela hori.