Urtarrilean Bilboko Atxuri auzoan 9 urteko alaba hiltzeaz akusatutako emakumeari espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri dio Bizkaiko Probintzia Auzitegiak. Joan den astean, erruduntzat jo zuen emakumea herri epaimahaiak, eta ebatzi zuen andreak azpikeriaz hil zuela neskatoa. Fiskalak eta akusazioek espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu zuten harentzat, eta zigor hori ezartzea erabaki du epaileak.
Urtarrilaren 16an agertu zen hilda umea, etxeko ohean. Ama alboan zuen, konorterik gabe. Neskatoaren ahizpa zaharrak aurkitu zituen. Botikak hartuta zeuden biak, eta larrialdi zerbitzuek ama suspertzea lortu zuten, baina umea hil egin zen. Perituek epaiketan azaldu zutenez, botiken ondorioz hil zen haurra, eta autopsiak agerian utzi du aurreko hiru hilabeteetan ere halako substantziak hartu zituela. Ez zuen argitu ea norbaitek umea ito zuen.
Defentsak absoluzioa eskatu zuen, etxean sartu zen gizon ezezagun batek derrigortuta jardun zuela argudiatuta. Adierazi zutenez, alaba hiltzera eta bere buruaz beste egitera behartu zuen, baita agur oharra idaztera ere. Perituek, ordea, ez zioten sinesgarritasunik eman emakumearen kontakizun horri.