Gernikako Akordioaren ordezkariak Madrilera joan dira gaur, Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Zaintzarako zuzendariarekin biltzeko asmoz, baina honek ez ditu hartu. Egoitzako langile batek ordezkariei esan die harekin hitzordua eskatzeko eskaera egin beharra zutela eta ez dutela egina. Gernikako Akordioaren sinatzaileek erantzun diote lehen bi aldiz eskatuta daudela Gallizorekin bilera, euskal presoen eskubideez mintzatzeko, baina ez dutela erantzunik jaso izan, eta horregatik joan direla Madrilera.
Gaur han batzar eskaera orria bete dute, eta Espetxe Zaintzarako egoitzako langile hari gutuna eman diote, Gallizori eman diezaion.
Goizaldean Madrilera autobus bat abiatu Bilbotik eta auto bat Iruñetik, eta euskal presoen eskubideen inguruan Gernikako Akordioak dioena betetzeko eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren biltzeko dituzten oztopoak eteteko eskatu dute.
Eragile politikoen artetik Tasio Erkizia eta Miren Legorburu ezker abertzaleko kideak, Oskar Matute eta Jonathan Martinez Alternatibakoak, Josu Murgia Aralarrekoa eta Maiorga Ramirez eta Koldo Amezketa EAkoak joan dira. Sindikatuetako eta Gazherriako ordezkariak ere joan dira, hogei inguru guztira.
12:00etan prentsaurrekoa eman dute Madrilen, Alcala kaleko hotel batean. Maider Karrere (Gazte Abertzaleak) eta Jabi Garnika (LAB) mintzatu dira haien izenean, eta "EPPK-k gaztaka konpontzeko elkarrizketetan parte hartu" behar duela aldarrikatu dute, "ezinbestekoa baita". Gallizori "errepresioaren fasea" uzteko galdegin diote, eta "konponbiderako lehen pausoak" emateko.