Ismael Moreno epailearen aurrean deklaratu du, gaur, joan den astelehenean Gasteizen atxilotu zuten gizonezkoak. Lekukotza jaso ostean, atxilotua espetxeratzea erabaki du Auzitegi Nazionalak.
36 urteko gizonezkoa Gasteizko Ariznabarra auzoan atxilotu zuen Espainiako Poliziak, jihadismoarekin lotura izatea egotzita. Zehazki, EI Estatu Islamikoko "erakunde terroristako kide" izatea eta kide berriak lortzeko lanean aritzea leporatu diote. Poliziaren esanetan, zuzenean nahiz sare sozialen bidez saiatzen zen kide berriak lortzen, eta Sirian aritutakoei Europara iristen laguntzen zien, besteak beste. Poliziak atxilotuaren etxea miatu zuen.
Abuztuan, ustezko beste jihadista bat atxilotu zuten Gasteizen, eta espetxeratu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak. Maiatzean, Donostian egin zuen Ertzaintzak beste atxiloketa bat, eta Andoainen ere atxilotu zuen gazte bat Guardia Zibilak, apirilean, ustez, EI Estatu Islamikoaren propaganda zabaltzeagatik.