Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak behin-behinean kartzelara bidali du gaur Josu Esparza (Iruñea, 1979) Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea, Ekin erakundekoa dela egotzita —Ekin dagoeneko desagertuta dago—.
Aste honetan auzitegi hartako guardiako epaile lanetan da Moreno eta, hain segur, etzi Fernando Grande-Marlaska epaileak hartuko du Esparza, galdeketa egiteko.
Frantziako Poliziak atzo atzeman zuen AAMko kidea, Baionan, eta arratsaldean Espainiaratu egin zuen. Izan ere, Auzitegi Nazionalak haren aurkako euroagindu eskaera egin eta Pauek baiezkoa eman zuen azaroaren erdian.
Esparza, horregatik, azken asteetan ezkutatuta izan da, eta lehengo larunbatean azaldu zen jendaurrera, Baionan "aterabide demokratikoen alde" egindako manifestazioan. Aurore Martin Batasuneko kidea ere agertu zen jendaurrera.
Frantziako Poliziak Esparza joan den irailean atzeman zuten lehen aldiz, Donibane Lohizunen, eta Justiziak baldintzapeko askatasunean laga zuen. Urrian atxilotu zuten berriro, eta atzera libre utzi zuten, baldintzekin. Poliziak dio orduan ihes egin zuela. Espainiako Polizia urtarrilean saiatu zen hura atxilotzen, Ekinen kontra egindako operazioan. AAMk azaroan jakinarazi zuenez, urtarrilaz geroztik Baionan eta Hendaian bizi izan zen Esparza, bizitza publikoa eginez. Euroagindua onartu ondotik gorde zen.
"Gure etorkizuna kartzelan dugu; beraz, pertsonalki itxaropentsu izatea zaila da", zioen AAMko kideak ostiraleko BERRIAn. "Baina egoera orokorrari begira, itxaropentsu naiz. Ikusten dut euskaldunen artean aurrerapausoak ematen direla, elkar batzeko".
Eleak-ek 600 autoinkulpazio aurkeztu ditu
Eleak mugimenduak operazioa salatu du gaur, Iruñean, eta 600 autoinkulpazio aurkeztu ditu. Agerraldian izan dira Esparzaren gurasoak. Asier Biurrun Eleak mugimenduko eledunak gaur prentsaurrekoan gogor salatu du Josu Esparza Amnistiaren Aldeko Mugimenduko ordezkariaren atxiloketa. Eleak-en ikuspuntutik, Euskal Herriko gehiengoaren borondatearen aurkako kolpea da. Biurrunek azpimarratu du iragan urteetan Esparzak Nafarroan lan publikoa egin duela eta, horregatik, egungo testuinguru politikoan, estatuek kartzelaren bidea hartzea “probokaziotzat” jo du.
Bihar 12:00etan Espainiako Gobernuaren Iruñeko egoitzan elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak Denok gara Josu lelopean. Ordu berean, Esparzaren senideek, Eleak-eko ordezkariek zein hainbat eragile politiko eta sozialek osatutako ordezkaritza bat Elma Saiz Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariarekin bilduko da.