Indarkeria matxista

Espetxetik atera dira sanferminetako erasotzaileak

Nafarroako Auzitegiak baldintzapeko askatasuna onartu dite sanferminetan taldeko sexu erasoa egiteagatik zigortutako bost gizonezkoei. Bermea ordaindu dute, eta libre dira bostak: Iruñeko espetxean zeuden hirurak 18:00 aldera atera dira, eta beste biak 19:30 inguruan. Kaleratze autoari helegitea jarriko dietela jakinarazi dute aldeek. Gaur ere mobilizazio jendetsuak ari dira egiten hainbat hiri eta herritan.

Hirurak batera atera dira espetxetik. VILLAR LOPEZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko ekainaren 22a
09:35
Entzun

Nafarroako Auzitegiaren esanetan, kalean egon behar dute emakume bati taldeko sexu erasoa egitea leporatuta bederatzi urteko kartzela zigorrera kondenatutako bost gizonezkoek. Auzitegiak bere egin ditu defentsaren argudioak, gaur aldeei jakinarazi dien autoan, eta aske utziko ditu zigortuak, 6.000 euroko bermea ordaintzen dutenean. Dirua ordaindu dute jada, eta Iruñeko espetxean ziren hirurak aske dira jada. 18:00ak pasatxo zirenean atera dira hirurak  batera, eta atean zain zituzten bi autotan sartu, eta ziztu bizian alde egin dute handik.

Beste bi zigortuak —guardia zibila bata eta militarra bestea— Madrilen zituzten preso, Alcala de Henaresko espetxe militarrean, eta haiek ere atera dira giltzapetik, 19:30 aldera. Haiek aske uzteko tramiteak Defentsa Ministerioaren esku zeuden. Auzitegiak atzo jakinarazi zien erabakia kondenatuei.

Gaur ere mobilizazio jendetsuak ari dira egiten herri eta auzoetan. Iruñekoan da Joxerra Senar kazetaria:

Bilbon ere jende ugari elkartu da:

[youtube]https://youtu.be/ePI6s_kwcjg[/youtube]

Auzitegiaren argudioek ez ditu akusazioak ase, eta Nafarroako Fiskaltzak, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute. Bestalde, Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Zelaak adierazi du gobernua auzian pertsonatzeko aukera aztertzen hasi dela. Dolores Delgado Justizia ministroak geroago jakinarazi du arauak eskuan, Estatuak ezin duela personatu auzia, baina, Zigor Kodearen azterketa sakona egingo dutela aurreratu du.

Epaileen iritziz, "biktimaren lasaitasuna" berma daiteke zigortuei behin-behineko espetxealdia ezarri gabe. Autoak nabarmendu du zigortutako bost gizonak biktima bizi den tokitik 500 kilometrora baino gehiagora bizi direla.

Ebazpenak jasotzen duenez, kondenatuek ez dute ihes egiteko arriskurik, ez dutelako horretarako kaudimenik eta haien kontrako zigorra "nabarmen" murriztu delako. Autoak gogorarazi du auzipetuak behin-behinean espetxeratzeko argudio nagusietako bat izan zela akusazioak zigor gogorrak eskatu izana. Auzitegiak uste du arrazoi hori desagertu egin dela, ezarri zaizkien zigorrak apaldu direnean. Zigortutako bost gizonei pasaporteak erretiratu dizkie, eta epaitegi baten aurrean aurkeztu beharko dute, astean hiru aldiz.

Horrez gain, kondenatuek ez dute delitua berriz egiteko arriskurik, auzitegiaren esanetan. Kondenatuek haien anonimotasuna galdu izanak horretarako arriskua ezerezean uzten duela ziurtatu du. Aurrekaririk ez dutela ere nabarmendu du autoak.

Auzipetuen kaleratzeak sor dezakeen alarma sozialari buruz, autoak dio ez dela "baleko irizpidea" behin-behineko espetxealdia eten behar den ala ez erabakitzeko orduan.

Jose Francisco Cobo epaileak eman du autoaren kontrako boto partikularra. Hark defendatu du beharrezkoa dela zigortutako bost gizonezkoak espetxean mantentzea, "salatzailearen segurtasuna, egonkortasuna eta lasaitasuna babesteko", baita haren inguruarena ere. Epaileak adierazi du biktimak eta haren inguruak mehatxuak jaso dituztela berriki.

Zigortutako bost gizonezkoak aske uzteko erabakiak protesta ugari eragin zituen, atzo, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan.

Erreakzioak

Nafarroako Gobernua "harrituta eta haserre" agertu da auzitegiaren erabakiarekin, eta autoari helegitea jarriko diola berretsi du. Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren esanetan, ebazpenak "ez dio erantzuten herritarren ikuspegiari, ezta gobernuaren politika publikoenei ere". Olloren iritziz, autoak areagotu egin du Justiziaren eta gizartearen arteko distantzia.

Ebazpena "onartezina" da, Maria Jose Beaumont Justizia kontseilariaren iritziz. Aurreratu duenez, Nafarroako Gobernuak behin-behineko espetxealdia zigorraren erdira arte luzatzeko eskatuko du. "Aurrekari asko daude", argitu du. Horrez gain, kontseilariak gogor kiritikatu du auzitegiak erabakiaren berri zigortuei eman izana atzo, eta aldeei gaur. Gaitzetsi egin du gobernuak —auzian pertsonatuta dago— erabakiaren berri hedabideetatik jaso izana. Are larriago jo du, aldeetako bat erasoaren biktima izanik.

Iritzi berekoa da Joseba Asiron Iruñeko alkatea ere. Ebazpenak "alarma soziala" apaldu ordez indartu egin duela ohartarazi du. Erabakiak "ez du zentzurik", haren esanetan, ez auziak izan duen garapenari erreparatuta, ezta beste auzi batzuetako erabakiekin alderatuta ere. Ollok bezala, Asironek ere nabarmendu du ebazpenak urrundu egin duela Justizia gizartearengandik.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere gaitzetsi egin du Nafarroako Auzitegiaren autoa. Auziak zigor kodea moldatzeko beharra azaleratzen duela adierazi du. Sanferminetako taldeko erasoaren gisakoak bortxaketa gisa sailkatu behar direla azpimarratu du, eta ez, auzitegiak egin bezala, abusu gisa. Urkulluren arabera, hori da "gakoa" halako erabakiak saihesteko.

Gipuzkoako Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak "haserrea" adierazi du. Auzitegiaren erabakiak frogatzen du "oraindik asko" dagoela egiteko, Lasaren iritziz. Zigor kodea moldatzea eta genero ikuspegia txertatzea galdegin du.

EH Bilduk ere zigor kodean aldaketa "sakonak" egiteko beharra nabarmendu du, emakume eta gizonen arteko "berdintasuna bermatzeko". Maddalen Iriarte legebiltzarkidearen hitzetan, halako erabakiek "emakumeak baztertzen dituzte", eta aditzera ematen dute "bortxatzea doakoa" dela.

Lander Martinez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak adierazi du Justizia "itsu" dagoela "emakumeen eskubideen eta beharren aurrean".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.