Estrasburgok astelehenean Parot doktrina eraitsi zuenetik horren eraginez espetxean jarraitzen duten 36 presoren eskaerak jaso ditu, aske uzteko eskatuz. Auzitegi Nazionalak etzi erabakiko du preso horien egoeraz. Hasteko, Parot doktrina ezartzeko erabakiaren kontra helegitea aurkeztua zuten bi presoen kasuak argitu beharko ditu: Juan Manuel Pirizena eta Joxepa Ernagarena.
Albiste agentziek jakinarazi dutenez, bi helegite horiek aztertzeaz gain, bi egunetan jaso dituzten 36 eskaera horiekin zer prozedura jarraitu erabakiko dute. Alegia, erabakiko duena da banaka aztertuko dituen edo denak batean, eta horre gain, Zigor Areto osoak erabaki behar duen edo kasuak eraman dituen atal bakoitzak.
Fiskaltzak esana du lehenagotik banaka aztertuko dituztela kasuak. Efe albiste agentziaren arabera, gainera, espetxean preso horiek zer jarrera izan duten ere aztertuko dute, Fiskaltzako informazio iturriak aipatuz, jokabide txar baten ondorioz espetxe onurak gal ditzaketeelako presoek.
Gorena ere aurki bilduko da
Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak esateko zer duten zain jarraitzen dute Auzitegi Nazionalean. Goreneko Zigor Aretoko bigarren salak aurreratu du datozen egunetan bilera bat egingo dutela Estrasburgoren erabakia aztertu eta erabaki bat hartzeko. Gorena izan zen 2006. urtean doktrina sortu zuen auzitegia. Gorenean bost helegite daude.
Guztira, ETAko hirurogei preso daude espetxean 197/2006 doktrinarekin espetxealdia luzatuta, EPPK-ko 56 eta Langraizko bidea hartu zuten lau. Auzitegi Nazionalak aurreratu du jada kasuz kasu aztertuko duela bakoitzaren egoera, alegia, ez dituela ofizioz aske utziko eta preso bakoitzaren eskaera jaso zain egongo dela.