Esquivel, Carter eta San Egidio

Gobernuaren komunikazio kanal egonkorra irekitzen saiatu zen urteetan ETA, hainbat bitartekariren bidez

Imanol Murua Uria.
2006ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Aljerko Mahaia hautsi zenetik Suitzako bilera egin zen bitartean izan zen ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko beste harremanik, guztiak zeharkakoak izan ziren arren, bitartekarien bidez eginak, hala nola AEBetako Carter fundazioa, Italiako San Egidio komunitate erlijiosoa edota Adolfo Perez Esquivel Bake Nobel sariduna.

ETAk berak bi aro bereizi ditu, Zutabe barne agerkariaren 110. zenbakiko ataletako batean: Historiari begirada. ETAren negoziazio frontea. Lehen aroa Aljerko elkarrizketak bukatzean hasi (1989 apirila) eta Bidarteko atxiloketekin bukatu zen (1992ko martxoa), ETAren azalpenaren arabera. Garai hartan, ETAko mintzaidetza Santo Domingon zegoelarik, «Aljerren apurtutakoa berrartzeko saioa» egin zen. Eta eztabaida nagusia «ETAk aurrez eman beharko zukeen su-etenari buruzkoa» izan zen.Harreman haiek ez zuten emaitzarik eman, jakina denez. Rafael Vera Segurtasunerako Estatu idazkariaren mezulari baten bidez jaso zituen garai hartan ETAk Gobernuaren mezuak, neurri handi batean.

1992tik aurrera, berriz, «Espainiako Gobernuarekin komunikatzeko bide sendo bat ezartzeko saioa» egin zuen ETAk, «ezinezkoa baitzen Santo Domingoko mintzakideak zeuden bezala, hau da, bahiturik, inolako elkarrizketa berririk lotzea». ETAren ustez, «urte guztiotako esperientziak erakutsi du negoziazio prozesu batean beharrezkoa dela gatazkaren esparrutik at mantenduko den komunikatzeko bide bat mantentzea».



ESQUIVELEN BITARTEKARITZA. Felipe Gonzalezen agintaldiaren azken garaian eskatu zion ETAk Adolfo Perez Esquiveli bitartekari lana egiteko, Barne ministro Juan Alberto Belloch eta Estatu idazkari Margarita Robles ziren garaian, ETAren mintzaidetza artean Santo Domingon zegoenean. Baina ahaleginak huts egin zuen. Zutabe-k dioenez, ETAk ez zuen lortu «zehatz-mehatz jakiterik» Espainiako Gobernuak ETAren eskutitzak jaso ote zituen, «nahiz eta bitartekariek baietz esaten zuten». ETAk ez zekien bere gutunak Bellochek, Gonzalezek edota «Moncloako txakur txikiak» jasotzen zituen. Kontua da, behintzat, ETAk Espainiako Gobernuaren komunikazio ofizialik ez zuela jaso Esquivelen eskutik. Gainera, erakunde armatua ez zegoen Esquivelen jarrerarekin guztiz ados, «bitartekaritza lanetarako soilik izendatua zenak» aholkulari lanak ere bere gain hartu zituelako, «Erakundeari zer egin beharko zukeen behin eta berriro adieraziz».

PP agintera iristearekin eten zen Esquivelen bidea, hauteskundeak irabazi bezain pronto prentsara filtratuz erre egin baitzuen bitartekaria.



CARTER FUNDAZIOAREN SAIOA. Jose Maria Aznarren agintaldiaren hasieran, artean ETAko solaskidetza Santo Domingon zegoela, Carter fundazioaren bitartekaritzarekin ahalegindu zen ETA. Harry Barnes aritu zen fundazioaren izenean, eta ETAko mintzaidetzarekin biltzea lortu zuen, nahiz eta, Zutabe-ren arabera, «baldintza oso txarretan eta modu murriztuan» izan.

PPren «erabateko onespenik» ez zuen izan bide horrek, ETAren arabera: «PPren Gobernuak itxura txarreko bazterketak jasanarazi zizkion Carter presidente ohiaren ordezkariari». Carter fundazioaren bidea erabat zapuztu zen, handik gutxira, ETA Santo Domingoko solaskidetzarik gabe gelditu zenean, Eugenio Etxebeste eta Iñaki Arakama mintzaidetzako kideak estraditatu eta Espainian espetxeratu zituztenean, 1997ko abuztuan.

SAN EGIDIOKOENGANA. Hurrengo bidea Carter fundazioko ordezkariaren aholku baten bidetik sortu zen, «Harry Barnesek aipatu baitzuen agian PPren Gobernuak errazkiago onar zezakeela Elizaren bitartekaritza». Hori horrela, Elkarri-ren bidetik heldu zen ETAren eskuetara «Erromako San Egidio komunitatearekin kontaktua egina zuela PPk, zehazkiago PPko norbaitek, eta nolabaiteko interesa erakutsi zutela beraiek bitartekaritza lanak burutu zitzaten».

ETAk bi bilera egin zituen San Egidioko bitartekariarekin, hainbat gatazkatan lanean aritutako komunitateko ordezkariarekin. Eta bi bilkura horien artean, San Egidioko kideak Jaime Mayor Oreja Espainiako Barne ministroarekin beste bilera bat egin zuen.

San Egidioko bitartekaritzarekin ere, ETAk ez zuen Gobernuaren erantzun ofizialik jaso.



SUITZARAKO BIDEAN. San Egidioko komunitatean urratzen hasitako bidea «zintzilik» zegoen artean, 1998ko iraileko su-etenaren ondoren Aznarrek «Euskal Askapenerako Mugimenduarekin» harremanak baimentzen zituela eta elkarrizketa horien ardura bere gain hartzen zuela iragarri zuenean. «Aznarren adierazpenak deblauki bertan behera utzi zituen sasi bide guztiak». ETAk ulertu zuenez, «ez zegoen beste biderik beragana [Aznarrengana] zuzenean zeramana ezik».

Hortik aurrera, jakina da Juan Maria Uriarte apezpikuaren bitartekaritzaren bidez egin zituztela harremanak bi aldeek, Suitzako bilera egin aurretik. ETAk ez du, ordea, haren izenik aipatzen Zutabe-ko kontakizun osoan.

Bilera egin aurretik komunikazio idatzia izan zutela ematen du aditzera, bilera proposamenari baiezkoa emateko ETAk Gobernuari igorritako eskutitza hitzez hitz argitaratuta Zutabe-n.

Aurrez bilera proposamena egin bide zion idatziz Espainiako Gobernuak ETAri, «Francisco Javier Zarzalejos jaunaren izenean» jasotako «komunikazio idatziari»erantzunez bidali baitzion eskutitza erakunde armatuak Aznarri, ados zegoela jakinarazteko, 1999ko apirilean, bilera egin aurreko hilabetean.





############





Eskutitza

ETAk Aznarri. 1999ko apirilean gutun hau bidali zion ETAk Espainiako Gobernuko presidenteari:



«Espainiako Gobernuko presidenteari:

Euskadi Ta Askatasunak zugana jotzen du Francisco Javier Zarzalejos jaunaren izenean helerazi diguzuen komunikazio idatziari erantzun asmoz. Honakoa adierazi nahi dizugu:

1- Espainiako Gobernuko presidentearen agiria jasotzat ematen dugu. Edozein koiunturatik kanpo komunikazio iraunkorra hasteko ezinbestekoak irizten ditugun oinarrizko baldintzak bete direla uste dugu.

2- Agiri horretan zehazten denari jarraituz, Euskadi Ta Askatasunak zuk izendatutako ordezkaritza eta Euskadi Ta Askatasunaren ordezkaritza ofizialaren arteko enkontru zuzen bat burutzea onartzen du, Euskal Herria eta Espainiaren enfrentamendu armatuaren egoera gainditzea ahalbidetuko duen prozesuari ekiteko.

3- Enkontru hori burutzeko xehetasunak, bi aldeok bitartekaritza zereginetarako onartu dugun pertsonaren bidez helaraziko ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.