Estatu indarkeriaren biktimentzako Jaurlaritzaren laguntzak eten dituzte

EAEko Auzitegi Nagusiak bere egin du Espainiako Estatuaren Abokatutzaren tesia, eta baliogabetu egin ditu Gasteizko gobernuaren irizpideak.Laguntzei eutsiko diete, baina dekretua «zuzenduta»

Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, atzo Bilbon eginiko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARP.
jokin sagarzazu
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du polizia gehiegikeriak jasandako biktimak laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren zati bat, Espainiako Estatuko Abokatutzaren helegite bat aintzat hartuta. Besteak beste, laguntzak eten ditu, horiek jaso ahal izateko irizpideak baliogabetuta. Jaurlaritzak, dena den, jakinarazi du laguntzei eutsiko diela. Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak adierazi du dekretuan egin beharreko «zuzenketa teknikoak» egingo dituztela, eta gobernua «adostasunak» lortzen saiatuko dela, baita Espainiako Gobernuarekin ere. Dena den, azpimarratu du ebazpenak ez duela erreparazio eskubidea auzitan jartzen eta ez duela inor behartzen orain arteko kalte-ordainak itzultzera.

Patxi Lopez buru zuen gobernuak egin zuen dekretua 2012ko ekainean, eta 2013ko urrian moldatu zuen Iñigo Urkullurenak. Aldaketa horietako batzuk dira, hain justu, atzera bota dituztenak. Auzitegiaren erabakiak, baina, dekretuaren mamiari eragiten dio, agerian utzi baitu EAEko eta Espainiako gobernuen artean eskumen gatazka dagoela gai horretan ere. Funtsean, Jaurlaritzak, legez arautu ezean, ez du eskumenik zehazteko zein den estatu indarkeriaren biktima eta zein ez, ez behintzat estatuaren irizpideekin bat egiten ez badu.

Salaketan, Espainiako Estatuaren interesak defendatzen dituen abokatuak argi utzi zuen biktima horiei kalte-ordaina emateko orduan gobernu autonomikoak bere egin behar dituela Espainiako Biktimen Legean zehaztutako irizpideak. Hain justu, lege horretan oinarrituta, eta irizpideak aldatuta ere, ordura arte jasotzen zituzten laguntzak kendu egin zizkien Espainiako Gobernuak duela urte eta erdi inguru GALen eta beste talde parapolizial batzuen indarkeriaren 46 biktimari, argudiatuta pertsona horiek «ETArekin lotzen dituen nahikoa froga» zituztela.

Sinesgarritasunik eza

Jaurlaritzak sozialisten dekretua aldatu eta gutxira jarri zuen salaketa Estatuko Abokatutzak, 2013ko abenduan. Horri erantzunez, Gasteizko gobernuak azpimarratu zuen nazioarteko erakundeen irizpideak eta giza eskubideen estandarrak betetzen zituela testu berriak. Auzitegiaren arabera, baina, «definizio maila txikiegia» dute bertan jasotzen diren irizpideak, eta aldatu egin behar dira. Hernandok ez du zehaztasunik eman horri buruz, «zuzenketa tekniko» batzuekin «nahikoa» izango dela uste du, baina ebazpena«xeheki» aztertu beharko dutela aitortu du.

Izan ere, laguntzak emateko erabilitako irizpideak ez ezik, auzitegia oso kritiko azaldu da orain arteko lanarekin. Biktimek Jaurlaritzaren batzordearen aurrean aurkeztutako txostenei «sinesgarritasuna» ukatu die, argudiatuta batzordeko kideek ez dutela«froga sinesgarririk» eskatzen eta «medikuen edozein txosten» onartzen dutela. Horrez gain, auzitegiak dio batzordeko kideek ez dutela «ezagutza nahikorik». «Ez da medikuez osatutako batzordea, eta, hortaz, ez da gai aurkeztutako kalteak ebaluatzeko».

Horren harira, Hernandok atzoko agerraldian jakinarazi zuen batzordeak denera 219 espediente aztertu dituela. Horietatik zenbat onartu dituen ez zuen argitu. Estatuko Abokatutzak salaketa jarri zuenerako, 30 pertsonari aitortu zitzaien kalte-ordainak jasotzeko eskubidea. Jaurlaritzaren arabera, horiei ez die eragingo auzitegiaren ebazpenak.

Dekretuak, 1960 eta 1978 urteen artean poliziaren gehiegikeriak jasandako biktimak babesten ditu, eta, besteak beste, 390.000 euro arteko kalte-ordainak aurreikusten ditu. Han zehaztuta dagoenez, motibazio politikoko indarkeria da «funtzionarioek pertsonen eskubideen kontra egiten dutena, gizarteari eragin nahian egin zena eta zigor gabetasun testuinguru batean». «Ekintza terroristak» egiten ari zirenean kaltetutakoak ez dira aintzat hartzen dekretuan.

EAEko auzitegiren erabakiarekin pozik azaldu da Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaria; haren ustez, berreskuratu egin da «segurtasun juridikoa eta biktima izaera», eta «ordainak jasotzeko eskubidea ez da interpretazio politikoaren araberako auzia» izango. Urkijorentzat epaiak argitu egiten du «terrorismoaren biktima» kontzeptuan nor sar daitekeen. PSE-EE, berriz, prest azaldu da dekretuan zer aldatu negoziatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.