"Estatu politika" berri bat diseinatzeko eta aplikatzeko eskatu dio Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Mariano Rajoy Espainiako gobernubuari. "Berrikuntza" horien artean premiazkoena espetxe politika aldatzea litzateke, Erkorekaren aburuz. Rajoyk atzo esan zuen ez zuela espetxe politika aldatuko, eta hitz horiei erantzun die gaur Jaurlaritzako bozeramaileak Getxon eginiko agerraldi instituzional batean.
Erkorekaren aburuz, armak uzteko aldebakarreko adierazpena egin du ETAk, eta erabaki horrek erantzun bat jaso beharko luke instituzioen aldetik, baita Espainiako Gobernuaren aldetik, "bakea egonkortzeko prozesua errazte aldera".
Euskal presoei ere mintzatu zaie Jaurlaritzako bozeramailea. "Hitzetatik ekintzetara" pasatzeko eskatu die, legeak onartzeko eta banan-banan birgizarteratzeko hartutako konpromisoa gauzatzeko. "Benetako pausoak eman behar dituzte konpromisoa errealitate bihurtzeko".
Iñigo Urkullu lehendakaria Rajoyrekin Moncloan biltzeko zain dagoela adierazi du berriz ere Erkorekak. Eta atzo esan bezala bilera hori "gero eta beharrezkoagoa” dela adierazi du.
Biktimen memoriala
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du "harrituta" dagoela Espainiako Gobernuak bere kasa erabaki duelako biktimen oroimenerako zentroa egitea. Erkorekak gogorarazi duenez, proiektu hori Eusko Jaurlaritzak eta Madrilgo gobernuak elkarlanean diseinatzea adostu zuten.