Estatuak ere bide demokratiko soilak erabili behar lituzkeela uste du LABek

Urkulluren ustez, ezker abertzalea ez dute udal bozetarako legeztatuko, «PSE-EEk eta PPk ituna hedatu nahi dutelako»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Ezker abertzaleak bide demokratikoak erabiliko ditu egoera antidemokratiko hau iraultzeko». Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak horrela azaldu du ezker abertzaleak legea betetzen duen alderdi berri baten sorrera iragarri izana. Hartutako bideak berebiziko garrantzia duela uste du sindikatuak, eta horregatik agertu da zuzendaritza osoa ezker abertzalearen iragarpena baloratzeko agerraldian. Gainera, «urratsa ez dator edozein unetan», ohartarazi du Etxaidek: «Euskal Herrian aldaketa politikoa gauzatzeko prozesu demokratikoa eraikitzen ari garenean dator».

Ezker abertzaleak iragarritako alderdi politiko berriak legezkoa izan behar duela ohartarazi du. Jatorriz proiektu zilegia dela, bide politiko eta demokratikoak baliatuko dituela helburu politikoak gauzatzeko eta ez dagoela «benetako argudio politiko eta demokratikorik bide hori ixteko».

Areago, gatazka «behingoz» konpontzeko beharra dagoela azaldu du LABeko buruak. Badaudela horretarako aukerak, baina «prozesu demokratikoak aurrera egiteko» ezker abertzalearen proiektuak legala izan behar duela. «Ez dago aitzakiarik, gatazka konpontzeko benetako borondatea baldin badago».

Gauzak horrela, «kezka handiz» hartu ditu Espainiako Gobernuko kideek egunotan esan dituztenak. Iruditu zaio Espainiako Estatua ez dela borondaterik erakusten ari , eta horixe du arazo nagusitzat: «PSOE eta PP, hau da, Estatua ez duela konponbiderako borondaterik» aditzera ematen ari dela.

Etxaideren esanetan, ezker abertzaleak bide demokratikoetan jarduteko «konpromiso irmoa eta definitiboa» hartu du. Legearen arabera aritzeko eskatzen ari zitzaion, eta horixe egin du. Beraz, ez du ulertzen orain gobernuko ordezkariek eta Espainiako fiskal nagusiak hori ez dela nahikoa esan izana.

Jarrera alda dezaten eskatu die, hargatik; «har dezatela bide berri bat egiteko erabakia». Ezker abertzaleak independentziaren aldeko proiektua bide demokratikoetatik gauzatzeko erabakia hartu duen bezala, «Estatuak ere, bide demokratikoak jorratuta geldiaraz dezala herri honen independentzia grina; Euskal Herriaren ukazioan oinarritzen den proiektua defendatzen jarraitu nahi badu, erabaki dezala behingoz bide baketsu eta demokratikoetatik egitea». Ohartarazi du oinarrizkoa dela aukera guztiek euren proiektua demokratikoki gauzatu ahal izatea.

Ezker abertzaleak «hasitako bidean aurrera egingo duela» seguru azaldu da Etxaide, eta horretan laguntzeko eskatu dio langileriari: «Proiektu berri honek parte-hartze politiko legal eta normalizaturako daukan eskubidearen aldeko borrokan inplikatzeko».

«Pauso erraldoia»

Aralarrek ere ezin du ulertu «orain» ez izatea nahikoa ezker abertzaleak Alderdien Legea betetzea. «Inkoherentzia da», esan du Aintzane Ezenarrok. Haren ustez, «pauso erraldoia egin du Batasunak, lehen aldia delako indarkeria baztertzen duela dioena, eta hori ez da nahikoa baloratzen ari». Argi adierazi du bere ustea: «Batasunaren marka berriak legea betetzen badu, bozetara aurkezteko aukera izan behar du».

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearen ustez, ordea, ezker abertzalea ez dute datozen hauteskundeetarako legeztatuko, «PSE-EEk eta PPk ituna udaletara eta aldundietara hedatu nahi dutelako». Urkulluren esanetan, «aurrera» egin du ezker abertzaleak. Hala ere, legezko izatea bere esku dagoela esan dio, eta, «politika egin nahi badu», pausoak eman ditzala.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak «azken hitza epaitegiek dute» esanez erantzun dio ezker abertzalearen etorkizunari buruzko galderari. Edonola ere, ezker abertzaleak «politikara itzuli nahi badu indarkeria kondenatu edo ETAri jarduna behin betiko uzteko eskatu» behar diola zehaztu du.

«Erradikalen iruzurra»

Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko bozeramailearen esanetan, berriz, alderdi berria legeztatzeko ezker abertzaleak egin duen apustua «euskal erradikalen estrategia eta iruzurra» besterik ez da. «Iruzur» horretan «ez erortzeko» eskatu du, haren ustez ezker abertzaleak ez duelako «jarrera aldatu». ETAk ez duela armak utziko dituenik esan nabarmendu du, «haren inguruko inork» ezin duela hauteskundeetara aurkeztu ondorioztatzeko.



'The Irish Times'-ek ezker abertzalea legeztatzeko eskatu du

«Indarkeria helburu politikoentzako kaltegarria dela ulertzea kostatu zaion arren» ezker abertzalearen bake apustuak Espainiako Gobernuak orain arte eskaini ez dion sinesgarritasuna merezi duela uste du The Irish Times egunkariak, atzo argitaratutako editorialaren arabera. Aitzitik, azken hilabeteotan atxiloketa ugari egin dituztela dio kazeta irlandarrak, eta tortura salaketa ugari egin direla. Egunkari horrentzat, salaketok sinesgarriak dira. The Irish Times-ek dio hanka-sartze handia litzatekeela Espainiako Justiziak ezker abertzalearen aukera politiko berria legez kanpo uztea. Legalizazioaren bitartez ETAri «soberan» dagoela esango litzaiokeela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.