Joaquin de Fuentes Bardaji Espainiako Estatuaren abokatuak gaur 13:00etan aurkeztu du Auzitegi Gorenean Bildu koalizioaren hauteskunde zerrenda guztien (254) aurkako inpugnazioa, Polizia txostenetan oinarrituta. Haren arabera, Bildu ETAren estrategian dago, Batasuna legez kanpoko alderdi politikoak "kutsatu" egin ditu maiatzaren 22ko udal eta foru bozetako zerrendak, eta "beste alderdietakoak baino Batasuneko hautagai gehiago daude".
Ondorioz, uste du "legez kanpoko erakundeek kudeatzen, zuzentzen, koordinatzen eta osatzen" dituztela Bilduren zerrendak. "Hautagaitzak ETA-Batasunaren jarraipena dira".
Estatuaren abokatuaren iturriek esan dutenez, hiru asteko azterketa lana egin dute. Espainiako Poliziaren bost txosten, Guardia Zibilaren hiru, Nafarroako Foruzaingoaren bat eta Ertzaintzaren beste bat aztertu dituzte.
Guardia Zibilak dio 46 hautagaitzak gutxienez %20ko "kutsadura" dutela
Estatuaren abokatuak inpugnazio idatzian esaten duenez, Guardia Zibilak irizipide hauek erabiltzen ditu hautagaiak Batasunarekin-eta lotzeko:
- Espainiako Justiziak legez kanpo edo baliogabe utzitako alderdi, koalizio eta plataformetako hauteskunde zerrendetan parte hartuta egotea.
- "Terrorismo" delituengatik zigortuta egotea.
- Legez kanpoko erakundeetako egitura organikoetako kide izatea.
- HB/EH/Batasuna edo ETA/Ekinekin lotura izandako legez kanpoko erakundeekin bestelako loturak izatea.
- "Terrorismoa goratzeko" ekimenetan parte hartuta egotea, Gudari Egunean bezala.
- HB/EH/Batasunaren aktibitate organiko Herri programaren eraketan eta jendaurreko aurkezpenean parte hartzea.
(Guardia Zibilak ez ditu kontuan hartzen legez kanpo edo baliogabe utzitako hautagaitzen alde egindako sinadurak)
Bilduk Hego Euskal Herri mailan maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako aurkeztu dituen 3.743 hautagaietatik 391k (%10,44k) ezker abertzaleko legez kanpoko erakundeekin hartu-emanak dituzte, Estatuaren abokatuaren arabera.
Espainiako Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren jurisprudentziak dio zerrenden kontra jotzeko horietan gutxienez %20k egon behar duela "kutsatuta". Guardia Zibilak dio Bilduren Hego Euskal Herriko 46 hautagaitza daudela %20tik gora —%20a barne—. (inpugnazio idatziko 50-53 orrialdeak)
Bihar, Fiskaltzak
Fiskaltzak bihar joko du auzitegira, Bilduren zerrenda denen kontra egiteko. Hark ere argudiatuko du koalizioa ETAren estrategiaren parte dela, eta zerrendakide batzuek Batasunarekin harremanak izan dituztela.
Candido Conde Pumpido fiskal nagusiak Batasuna egitasmoan sartu dagoela. "Koalizioan hirugarren indarra, Batasuna da". EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen dute Bildu koalizioa.
Goreneko 61eko aretoa bihar hasiko da aztertzen
Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko aretoak 48 ordu izango ditu Bilduri buruzko erabakia hartzeko; hau da, larunbat gauerdira arteko epea izango du. Bihar arratsaldean hasiko da aztertzen.
Sortu ezker abertzaleko alderdiaren auzia ere Goreneko 61eko aretoak aztertu zuen, duela aste batzuk. Bederatzi epaile alderdia erregistratzearen kontra azaldu ziren, zazpi alde. Ezker abertzaleari buruzko auzi saioetan sekula ez da izan halako zatiketarik Gorenean.