Estatuaren biktimei ordaina emateko eskatu du Legebiltzarrak

EAJ, PSE, Aralar, EA, EB eta PPren eskariz, Jaurlaritzak erreparazio neurriak arautu beharko ditu urte amaierarako

Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzakidea, eta Peio Iparragirre EAJkoa, atzo. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Azkeneko hamarkadetan «motibazio politikoak» eragindako biktimen errekonozimenduaren zikloa ixteko urratsa egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. Izan ere, UPDk ez gainerako legebiltzar taldeek estatuko segurtasun indarrek eta talde parapolizialek eragindako biktimei errekonozimendua eta ordaina ematea adostu zuten, legez besteko proposamen batean.

Akordio horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak baliabideak jarri beharko ditu estatuaren biktimei aitortza eta erreparazioa emateko, kalte-ordain ekonomikoak barne. Besteren artean, gobernuak urtea amaitu baino lehen dekretua onartu beharko du, erreparazio neurriak zehaztuta, eta, bestetik, euskal erakundeek biktima horien aldeko aitortza ekitaldiak egin beharko dituzte. Halaber, biktimekin harremanetan jartzeko mekanismo «irekia eta hurbila» martxan jarri beharko du Jaurlaritzak. Gainera, aipatutako alorretan egindakoaren berri eman beharko du Giza Eskubideen Batzordearen bilkura bakoitzean.

Horretaz gain, Eusko Legebiltzarrean lantaldea eratuko da, estatuaren indarkeriak eragindako biktimen errekonozimenduaren eta ordainaren aldeko ekimenak bultzatzeko eta neurri horien jarraipena egiteko.

Lortutako akordioarekin pozik agertu ziren EAJ, PSE, Aralar, EA eta EB, baina ez horrenbeste PP. Eusko Jaurlaritzari biktimen aldeko neurriak hartzeko egindako eskaria babestu zuten PPkoek, baina Legebiltzarrean lantaldea eratzeko proposamenaren aurka bozkatu zuten. Izan ere, PPrentzat, ETAren biktimak «terroristekin» parekatzea ekarriko du lantalde horrek. UPDk, berriz, ez zuen neurri bat bera ere babestu.

Gainerako taldeek indarkeriaren aroa ixteko eta elkarbizitzarena zabaltzeko egun garrantzitsutzat jo zuten atzokoa. Orain arte «ahaztuta» egon diren biktimak aintzat hartzea garrantzitsua dela nabarmendu zuen Aralarreko Aintzane Ezenarrok: «Hasitako bidea ezinbestekoa da gizarte adiskidetu batean bizi nahi badugu eta gizarte normalizatu bat izan nahi badugu». Aralarren bozeramaileak «urrats handitzat» jo zuen akordioa, horren bidez «iraganaren berrikuspen kritikoaren gutxieneko kontakizun partekatua» egitea lortu delako.

Estatuaren biktimekin urteetan egindako «injustizia» konpontzera dator Legebiltzarrak onartutako akordioa, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak nabarmendu zuenez. «Urte batzuk berandu heldu gara; baina ongi dago, injustizia bat konpontzera datorrelako eta bide berri bat zabaltzen duelako».

Akordioak motibazio politikoak eragindako «sufrimenduen aroari» amaiera emateko eta adiskidetzeari ateak zabaltzeko balio dezakeela azpimarratu zuen Mikel Aranak, EBko legebiltzarkideak. EAko Juanjo Agirrezabalaren irudiko, bestetik, biktimei egia, justizia eta erreparazioa emateko «ibilbide orriaren» hasiera da Legebiltzarraren erabakia. Agirrezabalak biktimen arteko mailaketa arbuiatu zuen, eta biktima guztientzat eskubide berberak eskatu zituen.

Gatazka politikorik ez

Proposamenaren alde bozkatu arren, PSE-EEkoek zehaztu nahi izan zuten adostutako neurrien helburua ez dela estatuaren biktimak ETAren biktimekin parekatzea. Gainera, Jesus Lozak argi utzi zuen akordioak ez duelainondik inora gatazka politikoa justifikatzen. Akordioarekin, hala ere, biktima horiekin «justizia» egin nahi dela nabarmendu zuen. Adostasuna, gainera, Patxi Lopez lehendakariaren «lidergoari» esker lortu dela iritzi dio Lozak.

UPDk, berriz, ez zuen proposamena babestu nahi izan, ETAren biktimekin parekatzen dituelako gainerako biktimak. Halako akordio batek, gainera, gizartean «nahasmena» sortzen duela salatu zuen Gorka Maneirok: « ETAren biolentzia estatuaren biolentziaren erantzuna dela dioen teoria elikatzeko balio dezake».

Atzokoa «egun historikotzat» jo zutenei erantzun nahi izan zien Carlos Urkijo PPko legebiltzarkideak, erantzunen txandan. Onartutako ekimena Juan Jose Ibarretxeren gobernuak 2008. urtean biktima horien inguruan egindako txostena «zuzentzera» datorrela argitu zuen, ordukoak «ETAren biktimak terroristekin parekatzen zituelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.