MOTIBAZIO POLITIKOAK ERAGINDAKO BIKTIMAK. EUSKAL MEMORIA FUNDAZIOAREN IKERKETA

Estatuaren biktimen erreparazioan urratsak egitea adostu dute taldeek

Jaurlaritzaren txostenean hutsuneak daudela eta biktimak mailakatu egiten direla kritikatu dute EAk, Aralarrek eta EBk

edurne begiristain
Gasteiz
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Motibazio politikoak eragindako giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimei aitortza eta erreparazioa emateko bideari ekitea ontzat jo dute Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Terrorismoaren Biktimen arretarako zuzendaritzek landutako txostenak zehaztutako ibilbide orriari oniritzia eman diote EAJ, PSE-EE, PP, Aralar, EA, EB eta UPDk, nahiz eta denek bat ez egin lanaren edukiaren osotasunarekin. Besteren artean, txostenak Poliziaren biktimen erroldarik ez jasotzea, biktima batzuen eta besteen arteko mailaketa egitea, Estatuari inolako erantzukizunik ez eskatzea eta torturaren auzia sakontasunik gabe aztertzea aurpegiratu diete EAJk, Aralarrek, EAk eta EBk Eusko Jaurlaritzari.

1968tik gaur egun arte Poliziak, talde parapolizialek eta eskuin muturreko taldeek eragindako biktimei erreparazioa emateko «lehen urratsa» da Jaurlaritzaren txostena, Maixabel Lasa biktimen arretarako bulegoko zuzendariak azaldu duenez. Orain arte erakundeek «ahaztuta» eduki dituzten sufrimendu bidegabeak eta giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimei «erreparazio historikoa» emateko bidea irekitzea izan dute helburutxostena egitean, haren esanetan. Hau da, biktima horiekiko botere publikoek duten «zorra kitatzea» bilatu dute lanarekin. Hala azaldu du Lasak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, txostena legebiltzar taldeen aurrean aurkeztu duenean. Giza eskubideen bulegoko zuzendari Ines Ibañez de Maeztu eta biktimen arretarako bulegoko aholkulari Txema Urkijorekin batera egin du agerraldia.

Biktimen inguruko egitasmoa Legebiltzarrera «berandu» iritsi delako, barkamena eskatuz hasi du aurkezpena Ibañez de Maeztuk. Legebiltzarrak emandako aginduari jarraituta, aurtengo ekainerako prest egon behar zuen, baina alderdiekin adostasuna bilatze aldera atzeratzea erabaki zuen Jaurlaritzak, haren hitzetan. Lasak jarraitu du aurkezpenarekin, eta honela esan du: «Motibazio politikoak eragindako biktimak ere gure biktimak dira». Haren esanetan, «elkarbizitzarako» aro berri baterako urratsa da egitasmoa, eta legebiltzarreko taldeei adostasuna lortzeko borondatea eskatu die.

Txostenak 1968tik aurrera izandako biktima guztiei aitortza eta erreparazioa zor zaiela dio, baina argi utzita 1985etik aurrera egondako biktimak ez direla motibazio politikoak eragindakoak.Lasak azaldu duenez, Espainia, trantsizioaren ostean, «Estatu demokratiko» bilakatu zen, eta, beraz, ez dago zio politikoak eragindako biktimarik. Horren adibide da, esaterako, justiziak tortura salaketa argitzeko ikerketak egiten dituela, haren hitzetan.

Areago, biktima horiek guztiak ez dira gatazka politikoaren ondorio, txostenean argi utzi dutenez. Izan ere, ETAren biktimak beste biktimekin parekatzea ekarriko luke hori onartzeak, Lasaren ustez. Txema Urkijok ere ideia horretan sakondu du ondoren: biktimen artean «hierarkiaziorik» ez du egiten txostenak, baina biktimak eragin dituzten «egoerak» ezberdindu egiten ditu.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak joan den legealdian egindako txostenak ez bezala, oraingoak ez du jasotzen Poliziaren biktimen errolda edo zerrendarik, eta horregatik kexu agertu dira EAJ, Aralar eta EA. 1968. urtetik, «kontrolik gabeko» poliziek, eskuin muturreko taldeek eta erakunde parapolizialek 109 hildako eta 538 zauritu eragin zituztela jaso zuen txosten hark. Urkijok azaldu duenez, aurrekotxostenaren zerrendak «balio handia» dauka eta horren gainean lan egingo du Jaurlaritzak. Haatik, zerrendarik ez sartzea erabaki dute txostenean, oraindik ez dagoelako zehaztuta zein baldintza bete beharko dituzten onuradunek laguntzak jasotzeko, Urkijok azaldu duenez. Biktimei «itxaropen faltsurik» ez sortzeko hartu dute, beraz, erabaki hori.

«Eskasa da»

Txostenetik abiatuta, Poliziaren biktimen erreparazio eta aitortzan neurriak adosteko prest agertu dira taldeak, baina hala ere, alderdi abertzaleek kritika zorrotzak egin dizkiete egitasmoari. Txostena «eskasa» dela eta «hutsune» nabariak dituela salatu du EAko Juanjo Agirrezabalak. 2008ko txostenean jasotako zerrenda jasotzea eta hura zabaltzea ezinbestekoa dela esan du EAkoak, bai eta erakundeek biktimekiko harreman publikoa izatea ere. Gainera, 1985etik aurrera egon diren Poliziaren gehiekeriak, tartean tortura salaketak, txostenean «ezerezean» geratu direla salatu du.

Agirrezabalak uste du txostenak ez duela agerian uzten Estatuak giza eskubideen urraketetan duen erantzukizuna eta ETArenak ez diren beste biktimekin mailaketa egiten duela. Hasitako bidean urratsak egiteko prest agertu da EAkoa, baina horretarako borondate politiko gutxi izatea egotzi die Jaurlaritzari eta PPri.

Txostena «hobetu» daitekeela iritzi dio EAJko Iñigo Iturratek. Zehaztazunik ez duela, erreparaziorako neurri zehatzik ez duela proposatzen eta kontraesanetan erortzen dela kritikatu du. Edonola ere, Iturratek uste du txostena «aurrerapausoak» emateko aukera dela, biktima horiei «egia, justizia eta erreparazioa» emateko ateak zabaltzen dituelako. Bide hori jorratzen hasteko, hainbat neurri proposatu ditu EAJkoak: egutegia zehaztea, biktimen harrerarako leihatila baliabide nahikoekin hornitzea, erakundeek aitortza eta barkamen eskaera publikoa egitea eta erantzukizunak onartzea, besteak beste.

Bide beretik jo du Aralarreko Aintzane Ezenarrok ere, gainerako taldeei dei egin baitie lehenbailehen bildu eta hurrengo urratsak zehazten hasteko. Haren ustez, ezinbestekoa da biolentziaren biktimen aitortzaren «zikloa ixtea». Besteak beste, Ezenarrok beharrezkotzat jo du biktima horiei harrera egingo dien leihatila eratzea eta erakundeek ETAko biktimek izan zuten tamainako barkamen eskaera egitea. Aralarrentzat, Jaurlaritzaren txostenean biktimen ahotsa falta da, eta torturen auzia ez da behar beste ikertu. Halaber, kritikatu du txostenak ez duela «autokritikarik» egiten Poliziaren biktimek sufritutako «utzikeriagatik». Gainera, oraingoanbiktimen zerrendarik jasotzen ez bada ere, gobernuak aurreko txosteneko zerrenda oinarri gisa hartu eta hura zabalduta lan egiten hasi behar duela iritzi dio.

Mikel Arana EBko legebiltzarkidearen irudiko, txostenak «ibilbide baten hasiera» izan behar du, eta inolaz ere ez prozesu baten amaiera. «Ahaztutako biktimei ordaina emateko zikloa itxi dadin» lan egiteko prest agertu da Arana. Hori bai, EBkoak kritikatu du biktimen arteko mailaketa agerian uzten duela egitasmoak.

Txostenaren edukiarekin ados agertu da, bestalde, PSE-EE. «Zorrotza, baliotsua eta ausarta» dela esan du Jesus Lozak, eta motibazio politikoak eragindako biktimen erreparazioa hasteko aukerak zabaltzen dituela iritzi dio.Haren ustez, bide hori jorratzen hasteko neurriak zehaztu behar dituzte alderdiek, eta urtea amaitu aurretik bilerak egitea proposatu du.

PP eta UPDrentzat poztekoa da txostenak ez parekatzea Estatuaren biktimak eta ETAren biktimak. Carlos Urkijo PPko legebiltzarkidearen aburuz, gizartea «terrorismoaren biktimekin» dago zorretan, baina ez bestelako giza eskubideen urraketak pairatu dituztenekin, bereziki frankismo garaikoekin. Hala, ez du beharrezko ikusten Eusko Legebiltzarrean Estatuaren biktimen auzia aztertzeko lan taldea eratzea.

Bestalde, Hamaikabatek ohar baten bidez txalotu egin du Jaurlaritzaren txostena. Biolentzia politikoa albo batean utziko duen «historiaren kontakizun adostua» egiteko balio duela iritzi dio.



Unesco etxeak egindako txostenak dio zerrenda jasotzea beharrezkoa dela

Motibazio politikoak eragindako biktimei buruzko txostena Unesco etxearen laguntzarekin egin du Eusko Jaurlaritzak.Txosten hori hartu eta landu ondoren, behin betiko dokumentua aurkeztu zuen atzo gobernuak Eusko Legebiltzarrean. Unesco etxeak egindakoa ia bere osotasunean mantendu du Jaurlaritzak,biktimen zerrenda baten beharrari zegozkion aipamenak izan ezik. Unesco etxearen txostenak dio, besteak beste,biktimen errolda agertu behar dela, giza eskubideen urraketa mailakatu batekin, eta aurreko legealdian egindako zerrendan ageri ziren kasuak ikertzea ezinbestekoa dela. Tortura kasuei dagokienez, auzitegiek ikertu dituztenak agertzea proposatzen du Unesco etxearen txostenak, horiek sakonago azter daitezen. Biktimen errolda guztiarekin batera, fitxa osagarria agertzea ere proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.