Estatutu berriaren hitzaurreari buruzko eztabaida amaituta, Atariko Tituluaz eztabaidatzen aritu dira egunotan Eusko Legebiltzarreko indar politikoak. Autogobernu lantaldea bihar bilduko da, eta, bertan, atarikoaz gain, eskumenei buruzko atala izango dute mahai gainean.
Biharko batzarrera eramango duen dokumentuan, Elkarrekin Podemosek proposatu du "eskumen ahalik eta zabalenak" izatea estatutu berrian, "herritarren bizimodua hobetzeko". Hiru alor nabarmendu dituzte horretarako: batetik, jada 1979ko estatutuan ageri diren eskumenak "indartzea, definizio argiago batekin". Bestetik, Espainiako Konstituzioko 149. artikuluak ematen dituen aukerak "aztertu" nahi dituzte: artikulu horrek aukera ematen du erkidegoek beren gain har ditzaten "estatuari espresuki ematen ez zaizkion eskumenak".
Halaber, Elkarrekin Podemosek uste du, Espainiako Konstituzioko 150. artikulua baliatuta, estatuarenak diren zenbait eskumen ere gera daitezkeela erkidegoen esku, lege organikoen bidez.
Horrekin batera, koalizioak uste du "tresna hobeak" ezarri behar direla "autogobernua blindatzeko grina birzentralizatzaileen aurrean". Horien artean proposatu du "aldebiko organoak" sortzea Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren artean.
Joan den astean amaitu zuten hitzaurreari buruzko eztabaida, eta akordioa lortu zuten EAJk eta EH Bilduk. Besteak beste, bertan jaso dute Euskal Autonomia Erkidegoak eta Espainiako Estatuak "alde biko harremana" izan behar dutela, "berdinen artekoa", eta elkar aitortu eta errespetatu behar dutela. Lotura horrek "izaera konfederala" izango luke.
PSEk ere erregistratu du bere proposamena. Estatutu berriak eskumenak zabaltzea eta argitzea nahi du, betiere Espainiako Konstituzioaren arabera. Horretarako, eta konstituzioa aldatu beharrik gabe, PSEk uste du posible dela eskumen zerrenda eguneratzea, "egungo errealitatera" egokitzeko: esaterako, "errealitate europarra aitortuta".
Prozesu parte - hartzailea
Bestalde, legebiltzarrak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, autogobernu lantaldeko laburpen agiria "prozesu parte hartzaile batean aztertu eta kontrastatzeko". Jone Berriozabal lantaldeko koordinatzaileak bihar aurkeztuko du ituna.
Bertan izango dira, Berriozabalez gain, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Beatriz Akizu Eusko Ikaskuntzako adituen lantaldearen bozeramailea. Baita lantaldeko ordezkariak ere. Dorronsorok erakundearen konpromisoa azalduko du lana garatze aldera, eta Akizuk prozesu parte-hartzailearen metodologia azalduko du.