ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Estatuaz erabakiko dute, batera

Ekainaren 5ean egingo dituzte herri galdeketak 34 herritan, Espainiako hauteskundeen ondorioz aurreratuta. Datozen bi urteetan bidea ireki nahi diote "akordio zabal bati".

Hodei Iruretagoiena
2016ko maiatzaren 8a
12:15
Entzun

Ehundu, adostu eta erabaki. Horixe da Gure Esku Dago-k bere buruari jarri zion erronkaren ibilbidea. Eta badoa aurrera bidean. «Erabakitzen hasi gara». Eskuak gora jasota, dozenaka lagun elkartu ziren atzo Donostiako Zurriolan, euskal estatuari buruzko herri galdeketen «lehen olatua» iragartzeko. Ekainaren 5ean, denera ia 148.000 biztanleko hartzen dituzten herrietan egingo dute erabakitzeko ariketa. 34 udalerri, batera erabakitzen: Goierri, Azpeitia, Debagoiena (Gipuzkoa) eta Aramaio (Araba), eta Ispaster (Bizkaia). «Hasiera besterik ez da», esan dute Gure Esku Dago-ko kideek. Azaroan, Dima (Bizkaia) eta Bakaiku (Nafarroa) gehituko zaizkie aurrekoei, eta datorren urtean galdeketak egiteko prozesuak martxan dira beste hainbat lekutan ere: Gipuzkoako Oiartzualdea, Usurbil eta Hernani, eta Bizkaiko Aulesti, Barrika, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela, Uribe Kosta... Eta gehiago ere etorriko dira 2018ra bitartean.

[Youtube]https://youtu.be/fmW7Cy4DtDA[/Youtube]

Hasieran, ekainaren 12rako eta 19rako zituzten aurreikusiak aurtengo galdeketak; baina Espainiako Gorteetarako ekainaren 26ko bozen ondorioz, ekainaren 5era aurreratu behar izan dituzte —Diman eta Bakaikun, azarora atzeratu dituzte—. Izan ere, legez, kanpainan ezin dira halako galdeketak egin, eta Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ko kideek adierazi dutenez, «alderdien lehiatik kanpo» kokatu nahi dute prozesua.

Eskura dinamika herritarrean ari dira «erabakia gauzatzeko» bidea zehazten, eta, galdeketak ez ezik, «erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak» ere izango dira ekainean dozenaka herritan. «Gure Esku Dago Euskal Herri osoan ari da urratsak egiten, hurrengo bi urteetarako aurreikusi dugun plangintza gauzatzeko». Azaldu dutenez, «tokian tokiko errealitatearen arabera» ari dira lan horretan, «nahikoa adostasun dagoen lekuetan galdeketak sustatuz eta, halakorik ez dagoenetan, galdeketak posible izateko pauso sendoak emanez».

Parte hartzea, funtsezko

2018. urtean jarri dute begirada. Bitarte horretan, ahalik eta ariketa gehien egin nahi dituzte, adostu eta erabakitzeko. Hala azaldu zuen helburua atzo Oiarbidek: «Akordio zabal bat erdietsi nahi dugu 2018ra bitartean, 3.000.000 biztanleko herri honek libreki bere etorkizuna erabaki dezan».

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko portua jomugan jarrita, galdeketen lehen olatua indarrez bultzatu nahi dute orain. Horretarako, aurrelanean eta galdeketan bertan, garrantzitsua izango da herritarren parte hartzea. «Erabakia elkarrekin eta herritarron parte hartzearekin hartuz gero, zilegizkoa eta herritarrok onartua izango da, emaitza edozein dela ere. Eta horrek gizarte kohesionatuagoa, sendoagoa, kritikoagoa eta jantziagoa ekarriko du».

Horretarako ari dira lanean, esaterako, Oiartzualdean eta Bizkaiko ezkerraldean. Imanol Esnaolak atzo azaldu zuenez, 2017ko martxoaren 17rako jarri dute data Oiartzualdean. Xabier Martinezek aurkeztu zuen ezkerraldeko egoera; oraindik galdeketarako egunik ez badute ere, adierazpen bat adosten ari dira ekainerako. «Bideak ere garrantzia du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.