EAErentzat estatus politiko berria lortzeko, adostasun zabalen aldeko apustua egin du beste behin Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. EH Bilduri esan dio auzi honetan gertura dadila gainerako taldeen proposamenetara. Urkulluren arabera geroz eta urrunago baitago besteen proposamenetatik. "Eta prozesu hau hemen gauden guztiok egin behar dugu, zuek barne".
Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak aldebakarreko pausoak ematen has dadila eskatu eta gero esan du hori Urkulluk. Urizarrek adierazi duenez, agerikoa da Espainiako Gobernuarekin ezin dela alde biko negoziaziorik izan.
Nazio foralaren bidetik nazio aitortza
Nazio foralaz ere jardun du Urkulluk. Kontzeptu horrek eskubide historikoei egiten diela erreferentzia zehaztu du, eta borondate politikorik izanez gero, "Euskadi nazio gisa aintzat hartzeko" aukera badagoela esan du. Izan ere, Urkulluren esanetan, Espainiako Konstituzioak aitortzen du Euskadi nazionalitate gisa.
Uxue Barkos Nafarroako lehendakariarekin berriki izan duen bilera ere izan du hizpide Urkulluk. Haren ustez, "aukera paregabea" dago orain bai EAEn bai Nafarroan "autogobernua areagotzeko" eta "harremanak sendotzeko". EAEko Kontzertu Ekonomikoa zein Nafarroako Itun Ekonomikoa defendatuko dituztela berretsi du.