Erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida monografikoa egin dute Nafarroako Parlamentuan. Legebiltzarra bi bloketan banandu da, beste behin; lehentasunak lehentasun eta ñabardurak ñabardura, Nafarroaren erabakitzeko eskubidea onartzen duten indar politikoak eta eskubide hori ukatzen dutenak. Bat etorri dira, halaber, Nafarroa dela eskubide horren subjektu, eta, beraz, nafarrei dagokiela herrialde horren etorkizun politikoa erabakitzea.
Talde politikoek 32 ebazpen proposamen aurketzu dituzte guztira, eta horien artean daude Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak adostutako biak. UPN, PSN eta PPNk, ordea, Espainiako Konstituzioaren eta Foru Amejoramendu Legearen defentsa egitea, burujabetza Espainiako herriari dagokiola nabarmentzea, laugarren xedapen iragankorra kentzea eta Espainia estatu federal bihurtzea proposatu dute, besteak beste.
Beste proposamen batzuk ere onartu ditu parlamentuak. PSNren eskariz, legebiltzarrak "herritarren parte hartzerako erregistro bat aktibatu eta sustatuko" du; Geroa Bai-ren ekimenez, berriz, parlamentuak Espainiako Konstituzioko lehen xedapen gehigarria defendatuko du konstituzio horren balizko erreforma baten aurrean. Xedapen horrekiko konpromisoa azalduz UPNk aurkeztutako proposamen bat ere onartu dute. Foru lurraldeen historikoak aitortzen ditu xedapen horrek.
EH Bilduren proposamen bat ere onartu du legebiltzarrak; "Nafarroaren autogobernuaren aurkako erasoak" salatzen dituena.
Eskubideen subjektuan, ados
EH Bilduk proposatu zuen eztabaida monografikoa, eta Bakartxo Ruiz bozeramaileak ekin dio osoko bilkurari: "Erabakitzeko eskubidea kontzeptu barneratzailea da, ez baztertzailea. Aldarrikapen demokratikoa da, herritarren borondatean oinarritzen da. Inork ezin du ukatu erabakitzeko eskubideak zilegitasun handiagoa ematen diela hartzen diren erabakiei".
Koldo Martinezek, berriz, aitortu du erabakitzeko eskubidea ez dela Geroa Bairen "kezka nagusia". Ongizatea eta justizia soziala lehenetsi ditu marko juridikoarekiko. Alabaina, zehaztu du Geroa Bai erabakitzeko eskubidearen alde dagoela baina horrek ez duela esan nahi independentziaren alde dagoenik. Prozesu eratzaile parte-hartzaileak martxan jartzearen alde azaldu da Laura Perez Ahal Dugu-ko bozeramailea.
Erabakitzeko eskubidearen aurka gogor mintzatu dira UPN, PSN eta PP. "Kontzeptu-tranpa", "eufemismoa" eta "neologismoa" dela adierazi dute, argudiatuz autodeterminazio eskubidearen bertsio "gozagarria" dela eta, funtsean, hori defendatzen dutenek independentzia nahi dutela. Jose Javier Esparza (UPN): "Elkar bizitzeko eskubidea dugu; nafarrak, euskal herritarrak nahiz espainiarrak sentitzen garenok". PSNko Maria Txibitek zalantzan jarri du erreferendum bat irtenbidea denik, eta iragarri du EAE eta Nafarroa batzeko balizko galdeketa batean ezezkoa bozkatuko lukeela.
Erabakitzeko eskubidea demokratikoa dela defendatu du Jose Miguel Nuinek (Ezkerra), eta zehaztu eskubide hori herritarrei dagokiela, ez historiari edo elite batzuei. Oharra egin die Barkosen gobernua osatzen duten alderdiei: gobernua osatzeko programa akordioa "ez da Espainiarekin konfrontazioan aritzeko".