Politika

Estatus politikoari buruzko galdeketak antolatuko dituzte Lea Artibain eta Nafarroako 16 herritan

Bakaikun eginen dute lehena, udazken honetan, eta gainontzekoak, 2017ko udaberrian.

Nafarroako herri galdeketen berri emateko agerraldia. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko ekainaren 11
08:43
Entzun

Kontsulten bideari eutsi nahi dio erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak datozen hilabeteetan. Horretarako, hamasei galdeketa antolatuko dituzte Nafarroako beste horrenbeste herritan. Bideoa: Nafarroako galdeketak iragartzeko agerraldia (Andoni Canellada / Argazki Press).

[Youtube]https://youtu.be/lNFrQSSUjDE[/Youtube]

Lehena Bakaikun izanen da, udazken honetan, eta gainontzekoak, 2017ko udaberrian. Honako hauek dira: Altsasu, Lakuntza, Larraun, Lekunberri, Leitza, Areso, Goizueta, Arano, Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi, Arantza, Araitz-Betelu eta Irurtzun.

Arkaitz Zapatak azaldu du helburua "herritar denek euren etorkizunaz erabaki ahal izatea" dela: "Duela bi urte, hamaika koloreko oihalekin eraiki genuen hautetsontzia. Gaur, hautentsontziak erabiltzen hastera goaz". Zapatak nabarmendu du prozesu "adostua" eraiki nahi dutela, "tokian tokiko eragileek euren burua eroso ikus dezaten".

Gainera, iragarri dute Aulesti, Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa eta Ondarroan 2017ko udaberrian galdeketak egingo dituztela. Ispasterren egin dute agerraldia, Bizkaian —ekainaren 5ean— galdeketa egin duen lehen herrian: "Herritarron borondatea modu demokratikoan gauzatzeko tresna jarri dute eskura".

Lea-Artibai eskualdeko gainerako herriei ere, elkarlanerako deia egin, eta erronka bota diete: "Prozesu honek zilegitasuna izan dezan, iritzi kontrajarriak dituztenek eta desberdin pentsatzen dutenek parte hartu behar dute. Aldekoen eta aurkakoen, ezezkoen eta baiezkoen parte hartzean dago gakoa, galdera edozein delarik ere. Jarrera kontua da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.