Jaurlaritzaren Estatutu proposamena

Estatutu proposamena ez dela zatika bozkatuko agertu du Imazek

Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzaren Estatutu proposamenaren testua osorik bozkatuko dela ziurtatu du Josu Jon Imaz EAJko presidenteak. Hau da, ez dela zatika bozkatuko hartara hitzaurrea SA Sozialista Abertzaleak taldearen babesarekin onartzeko. Ildo horretatik, Ibarretxeren Planarekiko Batasunak jarrera "maltzurra" duela esan du. Espainiako Gobernuak proposamenarekiko har dezakeen jokabideaz ere mintzatu da Imaz, eta esan du "oso gogorra" egiten zaiola Eusko Legebiltzarrak testuari baiezkoa emanez gero Zapaterok ez duela onartuko pentsatzea.

2004ko azaroaren 30a
15:01
Entzun
Espainiako Tele 5 telebista katean elkarrizketa egin diote Imazi, eta Jaurlaritzaren Estatutu proposamenaren inguruko gorabeherak izan dira ardatzetako bat.

Ibarretxeren Planaren Eusko Legebiltzarreko bozketa ez dutela "zatikatuko" ziurtatu du jeltzaleen lehendakariak. Izan ere, SAk agertu du hitzaurrea babesteko prest legokeela, baina ez, ordea, gainerako atal gehienak. "Estatutu berri proposamen hau ezin da zatikatu. Hau ez da azoka bat non esan daiteeken 'ni hitzaurrearekin geratzen naiz, eta ni zazpigarren eta hamaikagarren artikuluekin'", azpimarratu du. SAren babesa lortzeko zatiketa egitea "zentzugabea" litzatekeela erantsi du.

Halaber, Batasunak Ibarretxeren Planarekiko duen jarrera "maltzurra" dela esan du: "Sakonean testu honen aurka daude, eta hala esan dute bozeramaileek".

Eusko Legebiltzarreko bozketan proposamena onartzen ez bada, EAJren asmoa Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen zain egon eta proiektua aurrera ateratzeko gehiengo absolutua lortzea dela adierazi du. Ildo horretatik, Espainiako Gobernuak Estatutu proposamenarekiko har dezakeen jokabidearekin ere kezkatuta agertu da Imaz. Agertu du "oso gogorra" egiten zaiola Eusko Legebiltzarrak Ibarretxeren Planari baiezkoa emanez gero Zapaterok hura atzera bota dezakeela pentsatzea. "Kataluniako Parlamentutik aterako den autogobernu testua onartuko duela esaten duen Zapaterok Eusko Legebiltzarraren gehiengo absolutuak babestuta etor daitekeen testu bat negoziatzeari uko egingo diola pentsatzea oso gogorra egiten zait".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.