Euskadi Irratian elkarrizketatu dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren estatus politikoaren balizko aldaketa izan du hizpide. Adierazi du unean uneko legeriari egokitu behar zaiola autonomia estatutuaren aldaketa, baina "estatutua alda daitekeen bezala", eskatu du ez ukatzeko "markoa aldatzeko aukera".
"Errealismoa" jarri du abiapuntu Urkulluk, eta, horren haritik, autogobernuan "aurrerapausoak" egiteko aukerak antzematen ditu Europako testuinguruan; Eskozia, Flandria eta Bavariako autogobernu ereduak jarri ditu adibidetzat: "Flandriak badu nazioarteko itunak sinatzeko aukera".
Estatus politikoa noren babesarekin aldatu da galdera. PSErekiko topaleku posibleak zeintzuk izan daitezkeen galdetuta, "erabakitzeko gaitasuna" eta "eskumen handiagoak" nabarmendu ditu Urkulluk. EH Bildurekiko harremanari dagokionez, ordea, koalizio subiranistak EAJrekiko izan duen jarrera kritikatu du, jeltzaleen gobernu jarduna "judizializatu" duelakoan.
Igandean erabakitzeko eskubideari buruzko ekimenak egingo dituztela-eta, Urkulluk "errespetu osoz" ikusten du Gure Esku Dago dinamika. EAJ erabakitzeko eskubidearen alderdia dela eta, beraz, dinamika horrekin bat datorrela ere adierazi du.