Gernikako Estatutuaren «garapen osoa bideratuta» dagoela dio alderdi sozialistak, PSE-EEren legebiltzar taldeko barne buletinaren editorialean jasotzen denez. Sozialisten arabera, Eusko Jaurlaritza eta Patxi Lopez lehendakaria izan dira Estatutuari «balioa eman diotenak». «EAJk bere jarrera aldatzera behartuta ikusi du; Estatutuaren gurdira igo behar izan du, hamarraldi oso bat hilda zegoela esaten aritu ostean». Estatutuaren garapena «etetea» leporatu die PSE-EEk Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren gobernuei. Eta orain, «txalotu» egiten dute «jeltzaleen jarrera aldaketa».
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak ideia berari eutsi dio. «Hilabete batzuk igarotzen direnean, herritarrek hemen gertatzen denari buruz gogoeta egiten dutenean, argi izango dute Gobernu sozialista izan dela Estatutua ia osorik betetzea ekarri duena».
Sozialisten adierazpenak kritikatu ditu, bestalde, Andoni Ortuzarrek, EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak. Buruzagi jeltzalearen arabera, Gernikako Estatutuaren garapenaren alorrean jeltzaleak izan dira «janaria prestatu» dutenak.«Guk ez dugu argazkian ateratzeko helburuz egiten politika. Argi geratu da EAJ dela Madrilen bitartekari lana egiten duena: batzuek janaria prestatzen dute, eta besteei jangelan banatzea egokitzen zaie».
Enplegu politika aktiboen transferentzia lortu izana «albiste ona» dela adierazi du Ortuzarrek. «Lehen mailako eskumena da, are gehiago krisi garaian».
Leopoldo Barreda EAEko PPren bozeramaileak, berriz, adierazi du «txarra» izango dela enplegu politika aktiboak eskualdatzeko adostutako formula ogasun publikoarentzat, eta urteko 40 milioi euroko kostua izan dezakeela ohartarazi. Horren harira, Barredak uste du adostutako formulak asko duela «nazionalisten apeta politikotik».
PPko buruzagiak nabarmendu duenez, «EAE izan da eskumen hori jaso duen azken erkidegoa, nahiz eta lehenengoa izan negoziatzen».
Estatutuaren «garapen osoa» bideratuta dagoela dio PSE-EEk
Ortuzarren arabera, EAJk «janaria prestatu» du, eta PSE-EE «janaria banatzera» atera da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu