Israelen blokeoa hautsi eta Palestinara laguntza humanitarioa eramateko asmoarekin atera zen Aste Santuan, Suediatik, Askatasunaren Flotilla. Hirugarren aldia izango da Gazara bidean doazena, eta, tartean, Donostian geldialdia egin du Estelle itsasontziak bi egunez. Gaur, berriz, Bizkaira ailegatuko da, Bermeora. Duela bi urte eginiko saioak oihartzun handia izan zuen, tamalez; Mavi Marmara ontzira sartu eta bederatzi pertsona hil zituzten Israelgo soldaduek. Iaz ere ahalegindu ziren ontzia Gazaraino eramaten, baina orduan Greziako armadak moztu zien bidea. Aurten iristea lortuko duten itxaropenarekin doaz.
Elkartasuna daramate tripulatzaileek Gazara, eta euskal herritar, elkarte eta ordezkari politiko ugariren babesa jaso dute bidean. Herenegun eta atzo, Donostiako kaian egon zen Estelle, eta ontzia barrenetik ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek. Atzo eguerdian, esaterako, ilarak zeuden ontzira sartzeko.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak harrera egin zien atzo Musa Ode Palestinak Espainian duen ordezkari nagusiari eta itsasontziko hainbat kideri. Gipuzkoako Diputazioaren elkartasuna adierazi zien «aske izan nahi duten herri guztien borrokei», eta Gazak duen egoera «larria» dela oroitarazi zuen Garitanok. Odek eskerrak eman zituen agintari politikoen eta herritarren aldetik jasotako elkartasunarengatik, eta nazioartearen babesaren garrantzia nabarmendu zuen. Gaza «apartheid» egoeran bizi dela adierazi zuen, eta «historiako espetxerik handiena» dela salatu.
Donostiako Udalak eta Gazatik Gazaruntz elkarteak hainbat ekitaldi antolatu dituzte itsasontzia hiriko kaian izan den denbora tarterako. Juan Karlos Izagirre alkateak herenegun egin zien harrera Oderi eta eskifaiako kideei, eta kalejiran joan ziren kaitik udaletxera. Igandean, Navil Mansour Palestinako kantariak eta Arramazka taldeak kantatu zuten ontziko kareletik, eta atzo, Paco Ibañezek eta Itziar Zamorak eskaini zuten kontzertu bat, agertoki beretik. Urko Aiartza Amaiurreko senatariak ere elkartasuna agertu die Gazara doazen ekintzaileei, eta hango egoera «jasangaitza» kritikatu du.
Bermeon, gaur-biharretan
Donostia atzean utzita, Bermeo izango du hurrengo geraleku belaontziak. Gaur iritsiko da bertara, eta etzi jarraituko du bidea. Han ere harrera beroa egingo diete ontzikideei. Idurre Bideguren alkateak udaletxean hartuko ditu, eta, 16:00etan, bertso eta txalaparta saio batekin emango diete ongietorria. Iluntzean, Mikel Urdangarinek eta Rafa Ruedak kantatuko dute. Gainera, EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak iragarri du hainbat hazi emango dizkietela ekintzaileei, Palestinako nekazariei helaraz diezazkieten. Ontziko kideentzat ere elikagai ugari emango dizkiete, bidean jan ditzaten.
Suediatik abiatu zen Estelle, eta hainbat eten egin ditu bidean. Bermeotik Mediterraneorantz abiatuko da, eta, besteak beste, Bartzelonan geldituko da. Frantziako kostaldera igaroko da hurrena, eta handik Italiara. Ezustekorik ez bada, beste inon geratu gabe joango dira Italiatik Palestinara.
'Estelle', ontzi bete elkartasun
Askatasunaren Flotilla Gazara bidean da, eta 'Estelle' itsasontziak etena egin du Euskal Herrian; bi egunez egon da Donostian, eta Bermeora iritsiko da gaur. Babesa agertu diote herritar eta ordezkari politiko ugarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu