Irailaren 4an izango du Arturo Villanuevak Espainiak igorritako euroaginduari buruzko auzi saioa, Paueko Auzitegiko epaileak hala erabakita. Orduan erabakiko dute Villanueva Espainiara estraditatu ala ez; defentsak helegitea jarriz gero, ordea, gehiago luza liteke Espainiaratzeko prozedura. Atzo goizean igaro zen Villanueva Paueko Auzitegitik (Frantzia), Seyesseko espetxetik hara eramanda. Izan ere, espetxe horretan dago astelehenetik.
Astelehen eguerdian atxilotu zuen iheslaria Frantziako Poliziak, Urruñan (Lapurdi). Etorri berria zen Lapurdira, eta bizitza erabat publikoa zeraman. Atxilotua izan ondoren, Baionako polizia etxetik pasatu eta Paueko Auzitegira eraman zuten. Handik, Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindu eskaera jakinarazi ondoren, Seyesseko espetxera bidali zuen epaileak.
2001ean Segi gazte erakundearen aurkako polizia operazio batean atxilotu zuten Villanueva, beste hamabost gazterekin batera. Baldintzapean aske geratu zen orduan, eta 2009ko apirilean Belfasten (Irlanda) atzeman zuen Britainia Handiko Poliziak, Espainiaren estradizio eskaera zelaeta. Belfasteko Auzitegiak, ordea, ez zuen onartu Espainiaren euroagindua.
Belfasteko Euskal Herriaren Lagunak taldeak atxiloketa salatu du, eta Euskal Herrian «bake prozesua martxan jartzeko ahaleginak» egiten ari direla eta, jardun politikoagatik egindako atxiloketak gelditzeko eskatu du. Elkartasun talde horrek gogoratu du Villanuevak beraiekin lan egin izan duela, eta erabat publikoa zela hango haren jarduna. Belfasten, Irlandako gatazka politikoari buruzko bisita gidatuak antolatu dituelako ere ezaguna da Villanueva iruindarra. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren arabera, ordea, ETAren zuzendaritzarekin «etengabeko harremana» izan du Villanuevak Irlandan. Ezker abertzaleak eta Gatazkaren Konponbide Integralerako Mugimenduak atxiloketa salatu zuten. Atzo, elkarretaratzea egin zuten Urruñan hainbat lagunek.
Estradizio auzia irailaren 4ra atzeratuta, Villanuevak espetxean segitu beharko du
Astelehenean bezala, atzo Paueko Auzitegiko epailearen aurretik igaro zen Villanueva; Seyesseko espetxean da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu