Espainiako Gobernuak 20.000 euro ordainduko dizkio Arnaldo Otegiri, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak joan den urtean ebatzitakoa betez. Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak agindu du Otegiri kalte-ordain gisa ordaintzea dirua. «Datozen orduetan» egingo du ordainketa, ministroak jakinarazi duenez. Estrasburgoko epaia martxoa baino lehen betetzera behartuta zegoen Espainia.
Espainiako Justizia ministroak esan du ez duela bat egiten Europako epaiarekin, baina bete egingo duela, «disgustuarekin» bada ere. «Justiziaren ebazpenak betetzen dituen estatu bat gara, baita gustuko ez ditugunak ere», azpimarratu du. Espainian giza eskubideak «zorrotz» errespetatzen direla gaineratu du Justizia ministroak.
Borboikoari ustezko irainak
Estrasburgoko Auzitegiak joan den urtean zigortu zuen Espainiako Gobernua, Arnaldo Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik. Espainiako justiziak urtebeteko kartzela zigorra ezarri zion Otegiri, ustez 2003an Espainiako erregea iraintzeagatik; hain zuzen, Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalaren aginduz 2003anEuskaldunon Egunkaria itxi ondoren kazetako arduradunek salatutako torturen erantzule izatea leporatu zion Otegik Juan Carlos Borboikoa erregeari. Haatik, Estrasburgok ebatzi zuen Otegik egindako kritikak ez zirela irainak eta kartzela zigorra gehiegizko neurria zela. Otegiren adierazpen horiek Euskal Herriarentzat «interes publikokoak» direla iritzi zion Estrasburgok, eta ez ziotela Espainiako erregearen bizitza pribatuari edo ohore pertsonalari eraso egiten.
Hori horrela, 20.000 euroko isuna ipini zion Espainiari —eta beste hiru mila ordaintzeko ere agindu zion, epaiketako kostuengatik —. Ebazpenari helegitea aurkeztu zion Espainiako Gobernuak, baina Batasunako bozeramaile ohiari kalte-ordainak ematea behartzen zuen epaiagatik jarritako errekurtso hori ez zuen onartu Estrasburgok.
Estrasburgok agindutako kalte-ordaina ordainduko dio Espainiak Otegiri
Iaz 20.000 euroko isuna jarri zion, Otegiren adierazpen askatasuna urratzea leporatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu