POLITIKA

Estrasburgok atzera bota du Aralarrek Kontsulta Legearen alde jarritako helegitea ere

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du aintzat hartu salaketa, eta ez da auziaren muinean sartu. EAJk jarritako helegitea ere atzera bota zuen, eta EArenaz ez du oraindik erabakirik hartu. Behin betiko erabakia da, eta ez dago helegite gehiago jartzeko aukerarik.

2010eko otsailaren 24a
13:25
Entzun
Aralarren salaketa ere ez du onartu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kontsulta Legea bertan behera utzi zuela eta, Estrasburgora jo zuten EAJk, Aralarrek eta EAk, eta auzitegiak ez ditu aintzat hartu EAJren eta Aralarren salaketak. EAren helegiteaz ez du oraindik erabakirik eman. Tramitera ez ditu onartu Aralarren eta EAJren salaketak. Behin betikoa da erabakia, eta ez dago horren aurka helegitea jartzerik.

Eusko Legebiltzarrak 2008an onartu zuen Kontsulta Legea, eta herri galdeketara deitu zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakariak urte hartako urriaren 25erako. Ordea, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legez kanpoko jo zuen legea, eta, hartara, ez zuen herri galdeketa egitea baimendu. Erabakiaren aurka Estrasburgora jotzea erabaki zuten orduan EAJk, Aralarrek eta EAk.

Jon Abrilek, Aralarreko koordinatzaileordeak, salatu du epaile bakarraren esku utzi dutela erabakia hartzea, eta "guztiz motibazio politikoa" ikusi du erabakian. Haren arabera, auzitegiak ez du herrien autodeterminazio eskubidean eskua sartu nahi.

EAJk atzo iragarri zuen Estrasburgok ez duela onartu haren salaketa ere. Ados egon ez arren erabakiari men egingo diotela esan dute jeltzaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.