'Bateragune auzia'

Estrasburgok datorren asteartean jakinaraziko du 'Bateragune auziari' buruzko epaia

Espainiako Justiziak Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Rafa Diezen eskubideak urratu zituen ala ez ebatziko du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.

'Bateragune auzian'zigortu zituzten bostak, Rafa Diez askatu ondorengo ekitaldian, iazko abuztuaren 17an. ARITZ LOIOLA, FOKU
2018ko azaroaren 1a
07:25
Entzun

Datorren asteartean —azaroaren 6an— argituko du Estrasburgok zein den bere erabakia. Bateragune auzian zigortuak izan ziren Otegi, Rodriguez, Jacinto, Zabaleta eta Diezen helegitearen gainean ebatziko du. Bostek Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuten, Espainiako justiziak inpartzialitate irizpidea eta beraien errugabetasun printzipioa urratu zituela salatzeko.

Auzitegi Nazionalak hamar urteko espetxealdira zigortu zituen Otegi eta Diez, eta zortzi urteko kartzelaldira gainontzeko hirurak, 2011n eman zuen epaian, ETAren agindupean Batasuna alderdia berriz sortzea egotzita. Zigortutako bostek osorik bete zituzten auzitegiak ezarri zien zigorra.

Espainiako Auzitegi Gorenak murriztu egin zizkien Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak. Sei urte eta erdira Otegiri eta Diezi, eta sei urtera Rodriguez, Jacinto eta Zabaletari. Otegiri hamar urteko inhabilitazioa mantendu zion.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalari babesa eskatu eta hark Gorenaren erabakia berretsi ondoren, 2015ean, Estrasburgon helegitea aurkeztu zuten bostek. Helegitea partzialki onartu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta asteartean jakinaraziko du epaia.

Otegik, Rodriguezek, Jacintok, Zabaletak eta Diezek osorik bete zuten Espainiak ezarritako zigorra.

Hona Bateragune auziari buruz BERRIA TBk eginiko kronologia:

[youtube]https://youtu.be/PkhgrnN-BrI[/youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.