poliTIKA

Estrasburgok dio Espainiak ez zuela Giza Eskubideen Ituna urratu Lasa-Zabala epaiketan, Galindok-eta bestelakoa salatu arren

Vaquero, Dorado, Bayo guardia zibil ohiek, Galindo jeneral ohiak eta Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibil izandakoak helegitea sartu zuten 2003an, epaiketa justua izateko eskubidea, errugabetasun presuntzioa eta defentsa eskubidea urratu zizkietelakoan. GALek 1983an bahitu eta hil zituen Lasa eta Zabala. Espainiako Auzitegi Nazionalak bost haiei 68 eta 74na urte arteko zigorrak jarri zizkien, baina gaur egun inor ez dago espetxean.

2010eko azaroaren 2a
16:19
Entzun
Estrasburgoko Auzitegiak ebatzi du Espainiako Estatuak ez zuela Europako Giza Eskubideen Ituna urratu Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketari eta hilketari buruzko epaiketan. Hain justu, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak gaur esan du Espainiak epaiketan ez zituela ituneko 6.1 (epaiketa justua izateko eskubidea), 6.2 (errugabetasun presuntzioa) eta 6.3 (defentsa eskubidea) puntuak urratu.

Angel Vaquero, Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibil ohiek, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral ohiak eta Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibil izandakoak helegitea sartu zuten 2003an Europan, Espainian helegiteak jartzeko aukerak agortu ostean. "Biktima" gisa zioten aipatutako eskubide horiek bortxatu zizkietela, eta auzitegi inpartzial batek egin zietela epaiketa.

Estrasburgok 2008ko abenduan tramiterako onartu ditu Lasa-Zabala auziko helegiteak.

GALen lehen ekintza izan zen hura. 1983ko urriaren 16an bahitu zituen Lasa eta Zabala, eta 1995ean agertu ziren haien gorpuak Herrialde Katalanetan, Alacanten, tortura zantzuekin. Espainiako Auzitegi Nazionalak 68 eta 74na urte arteko espetxe zigorrak ezkarri zizkien Galindori, Vaquerori, Doradori, Bayori eta Elgorriagari 2000ko apirilean, Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hiltzea egotzita. Espainiako Auzitegi Gorenak zigorrak handitu egin zizkien. Hala ere, gaur egun inor ez dago kartzelan.

Tolosar iheslariak ziren Lasa eta Zabala.

GALek 27 euskal herritar hil zituen 1983 eta 1987 artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.