Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zigorra ezarri dio Frantziari, bost euskal herritarri «arrazoizko denboran epaituak izateko eskubidea» urratu izanagatik. Bost pertsona horiek bost urte inguruz eduki zituzten preso behin-behineko egoeran, epaiketaren zain. Estrasburgoko auzitegiak azaldu duenez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 5.3 artikuluak jasotzen du pertsona orok duela «arrazoizko denboran» epaitua izateko eskubidea. Auzitegiaren ustez, itxaronaldia bost urtez luzatzeak urratu egin du eskubide hori.
Kalte-ordainak
Gauzak horrela, Frantziako Estatuak kalte-ordaina ordaindu beharko die Ismael Berasategi, Felix Esparza, Kandido Sagarzazu, Inocente Soria eta Lorentxa Guimoni. Bosna mila euroko ordaina eman beharko dio Frantziak horietako bakoitzari, eragindako «kalte moralagatik», eta beste bi mila eurokoa, eragindako kostuengatik.
2003. urtean atxilotu zituen horiek guztiak Frantziako Poliziak, ETArekin lotura izatea egotzita. Lau urte eta zortzi hilabetez eduki zituzten behin-behinean preso batzuk, eta bost urte eta hamar hilabetez besteak, 2008ko abenduan epaitu zituzten arte.
Auzitegiak ohartarazi duenez, horrenbeste denboran behin-behineko egoeran inor preso edukitzeko, ezinbestekoak dira «bereziki sendoak diren justifikazioak». Frantziako auzitegiek, «susmoen egonkortasuna», egotzitako delituen «larritasuna» eta ihes egiteko arriskua zegoela esanez arrazoitu zuten luzamendua. Giza Eskubideen Auzitegiak, ordea, justifikaziorik ez duten «aktibitaterik gabeko denboraldiak» ikusi ditu auzian. Frantziak helegitea aurkezteko aukera du orain.
Estrasburgok Frantzia zigortu du, bost euskal preso beranduegi epaitzeagatik
Bost urtez izan zituzten preso, behin-behinean, epaitu gabe, eta hori ez dela «arrazoizko denbora» ohartarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu