1983an Joxean Lasa eta Joxi Zabala errefuxiatu tolosarrak bahitu, torturatu, hil eta kare bizitan hilobiratzeagatik zigortu zituen bostak Espainiako Auzitegi Nazionalak. Auzitegi Gorenak zigorra berretsi eta handitu egin zuen gero: 75 urteko zigorra Galindo eta Elgorriagari, 69koa Vaquerori eta 67koa Bayo eta Doradori. Bost horiek ez ziren konforme geratu epaiarekin, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten, haien kontrako auzian giza eskubideak urratu zirela argudiatuz.
Epaiketa justua izateko eskubidea, errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea urratu zizkietela salatu zuten bostek, 2003an, Espainian helegiteak jartzeko bide denak agortu ostean Europako Auzitegira jo zutenean. Hiru guardia zibilek beste protesta bat ere jarri zuten helegitean: «Instrukzio epailea ukatu egingo litzateke, horretarako arrazoirik izan gabe ere, proposatutako frogak onartzera».
Frogarik gabe zigortu zutela argudiatu zuen Galindok, instrukzio epailearen aurrean bere abokaturik gabe deklaratu zuelako protesta egin zuen Elgorriagak, eta Vaquerok nabarmendu zuen, Bayok ateak itxita egindako deklarazio batzuen arabera zigortu zutela, nahiz eta hark adierazpen horiek ukatu egin zituen gero, epaiketan.
Bayok epaileari esan zion Doradok eta biek Lasa eta Zabala bahitu zituztela Baionan (Lapurdi), 1983an, eta Donostiako Cumbre jauregira eraman zituztela, Galindoren aginduz. Han galdekatu, jo eta torturatu egin zituztela, eta haien egoera ikusirik, Alacantera eraman eta desagerrarazteko agindu zuela Galindok. Elgorriagak ere bazuela erabakiaren berri, baina ez zuela ezer egin eragozteko. Gaineratu zuen aurretik egindako zulo baten alboan hiruna tiro eman zizkiela Doradok buruan bi errefuxiatuei, eta gorpuak hilobira bota ostean, kare biziko 50 kilorekin estali zituztela, haien gorpuzkiak desegin zitezen. GALek hilketak aldarrikatu zituen, 1984ko urtarrilean, Alacanteko irrati baten bitartez.
Josep Casadevall epailea buru duen epaimahaiaren arabera, Bayok egindako adierazpen horiek froga moduan hartzea ondo dago. Bere lana ez dela frogak berraztertzea gogora ekarri du, eta instrukzio garaian lortutako frogak erabiltzea zilegi dela dio, betiere, beste froga batzuekin berretsita. Gogora ekarri du Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuela auzian emandako zigorra ez zela oinarritu Bayoren adierazpenetan bakarrik. Bayok instrukzioan egindako deklarazio inkriminatzaile gehiago ere badirela, baita beste froga batzuk ere. Testingantza haiek «osatu eta zehaztu» egin zituzten, «existitzen ziren zantzuak». Espainiako auzitegiek zigorra «arrazoi sendoetan oinarrituta» eman zutela dio.
«Desagerrarazteko agindua»
Estrasburgoko epaimahaia auziaren mamian ere sartu da, eta gertaeren atalean bat egiten du Espainiako auzitegiek esandakoekin. Bi errefuxiatuen gorpuak nola gelditu ziren ikusita, Galindok haiek «desagerrarazteko agindua» eman zuela dio. Egunetan, «gogor galdekatu, jo eta torturatu» zituztela, «talde terroristako beste kideen informazioa lortzeko xedez, eta ETAk Guardia Zibilaren eta Estatuko beste segurtasun indar batzuen kontra egindako indarkeria ekitzen errepresalia gisara».
Estrasburgoko Auzitegiaren arabera, Galindori, Elgorriagari, Vaquerori, Doradori eta Bayori zigorra jarri izana justifikatuta dagoen arren, bost lagun horietako inor ez dago espetxean gaur egun. Elgorriaga atera zen aurrena, 2001ean, osasun arazoengatik. Galindo hiru urte geroago utzi zuten libre, 2004an, arrazoi bera argudiatuta. Dorado eta Bayo 1996an sartu zituzten preso, eta 2002an utzi zituzten libre, hirugarren graduarekin.
Kronologia
1983Urria. Joxean Lasa eta Joxi Zabala errefuxiatu tolosarrak desagertu ziren, Baionan.
1984
Urtarrilak 24. GALek bere gain hartu zituen heriotzak, Alacanteko irrati batera deituta.
1985
Urtarrila. Ehiztari batek gorpuzkinak topatu zituen, Alacanteko Bussot herrian (Herrialde Katalanak).
1995
Martxoa. Gorpuzkinak Lasa eta Zabalarenak zirela argitu zuen Polizia Judizialak.
Apirilak 6. Donostiako epailea inhibitu egin zen, auzia Auzitegi Nazionalaren esku utziz.
Maiatzak 10. Alacanteko epailea inhibitu egin zen. Auzia Carlos Buerenen esku gelditu zen, Auzitegi Nazionalean.
Uztailak 25. 1988an bere buruaz beste egin zuen Carlos Jose Marrero guardia zibilaren emazteak epaileari esan zion senarrak hil aurretik aitortu ziola Intxaurrondoko guardia zibilek hil zituztela Lasa eta Zabala.
Irailak 9. Angel Lopez Carrillo poliziak berretsi egin zuen Galindo eta Elgorriaga Cumbre jauregira joan zirela, ustezko bi etakide galdekatzera.
1996
Urtarrilak 17. Carlos Buerenek epaile lanak utzi eta abokatu lanetan hastea erabaki zuen. Javier Gomez Liañok hartu zuen auzia, apirilean.
Maiatzak 21. Hainbat laguni deklarazioa hartu zien, eta batzuk espetxeratu zituen. Haien artean Dorado, Bayo eta Galindo.
1997
Abuztuak 13. Bayok deklaratu zuen berak eta Doradok eduki zituztela Lasa eta Zabala Cumbren. Elgorriaga, Galindo eta Vaquero han zirela.
Irailaren 19a. Galindo berriz espetxeratu zuten, ez zuelako bermea ordaindu. 1996an utzi zuten libre. 1998ko uztailean atera zen, bermea ordainduta.
1998
Martxoak 19. Galindo, Elgorriaga, Vaquero, Dorado eta Bayo auzipetu zituen epaileak.
2000
Apirilak 2. Lasa eta Zabala auziko epaiketa amaitu zen Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Apirilak 27. Auzitegi Nazionalak 67 eta 71 urteko espetxe zigorrak jarri zizkien bost epaituei.
Maiatzak 10. Galindo, Elgorriaga eta Vaquero espetxean sartu zituzten.
2001
Uztailak 26. Espainiako Auzitegi Gorenak gogortu egin zituen bosten zigorrak, bakoitzari lau urte gehiago jarriz.
2002
Uztailak 23. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen bost auzipetuek jarritako erregu helegitea.
2010
Azaroak 2. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak dio Espainiako auzitegiek «arrazoi sendoz» eman zutela epaia.