Europako Giza Eskubideen Auziegia "forma kontuetara" mugatzea deitoratu du Azkaratek: "izan ere, benetan axola duena da Alderdien Legea giza eskubideekin bat datorren edo ez", azpimarratu du.
Hain zuzen ere, Estrasburgoko tribunalak auzi hori ez duela neurtu nabarmendu du Jaurlaritzako bozeramaileak; hots, "sakoneko arazoan" ez dela sartu. Jaurlaritzaren auzi eskea atzera botatzeko Giza Eskubideen Babeserako Itunaren 34. artikuluari heldu dio Estrasburgoko auzitegiak: atal horrek esaten du gobernu organoek ezin dutela auzi eskerik aurkeztu; bakar-bakarrik, banakoei, gobernuz kanpoko erakundeei eta herritar taldeei dagokiela eskubide hori. Ondorioz, Jaurlaritza gobernu organoa denez, prozedura arazoagatik bota du atzera auzi eskea.
"Gezurra"
"Ondorioz, erabateko gezurra da Giza Eskubideen Auzitegiak sakoneko arazoa aintzat hartzen den epairik eman duela;gezurra da Auzitegi Konstituzionalaren epaia berretsi duela zein Alderdien Legea giza eskubideekin bat datorrela esan duela", azpimarratu du Azkaratek.
Izan ere, Espaniako hainbat agintari eta politikarik Estrasburgoko tribunalaren ebazpena txalotu dute, eta Espainiako Gobernuari zein Alderdien Legeari erabateko zilegitasuna eman diela adierazi dute. Hori guztia gezurra dela nabarmendu du Jaurlaritzako bozeramaileak.
Halaber, atsekabetuta agertu da Azkarate Europako Giza Eskubideen Auziegiak ez duelako salatutako gertakarien "benetako larritasuna" aintzat hartu, eta ez diolako larritasun horri prozedura arloko arazoak gainditzeko adinako garrantziarik eman. Ildo horretatik, Europako Giza Eskubideen Itunaren eta Estrasburgoko Tribunalak dituen mugei buruzko gogoeta egin behar dela esan du Jaurlaritzako bozeramaileak: "Paradoxa da botere legegilearen jabe diren Europako eskualdeak Auzitegi horren aurrean babesgabeago izatea pertsonak edo pertsona juridikoak bain; esate baterako, enpresa merkantil bat baino".
Batasunaren ilegalizazioa
Estrasburgoko Auzitegiak "sakoneko arazoan sartu gabe, forma kontuei" erreparatu diela deitoratu du Jaurlaritzak
Espainiako Alderdien Legearen kontra aurkeztu zuen auzi eskeari Europako Giza Eskubideen Auzitegiak eman dion erantzunarekin ez dago ados Eusko Jaurlaritza. Miren Azkarate Gasteizko Gobernuko bozeramaileak agertu duenez, "forma kontuei" baino ez die erreparatu auzitegi horrek, "sakoneko arazoan" sartu gabe. Izan ere, Estrasburgoko Tribunalak ez du tramitera onartu Gasteizeko Gobernuaren auzi eskea: Jaurlaritza "gobernu organo" bat delako, eta gobernu organoek ez dutelako eskubiderik auzi eskerik aurkezteko. Batasunaren ilegalizazioaren kariaz aurkeztu zuen Jaurlaritzak auzi eskea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu