Politika

Estrasburgora jotzeari ez diotela uko egin dio Urkulluk, baina erantzunak "zabalagoa" izan behar duela

Herritarrei norbanako gisa Europako Giza Eskubideen Auzitegian Espainiaren kontrako salaketa jartzeko egin zitzaien deiak aurrera eramateko "prozedura aldetiko zailtasunak" dituela iritzi dio EAJko presidenteak. Jaurlaritzako hirukoak eta Aralarrek Kontsulta Legearen alde Europara eramango dituzten ekimenen berri eman zuten atzo, baina aurrez iragarritako Estrasburgoko salaketa aipatu gabe.

2008ko irailaren 20a
13:36
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Eusko Legebiltzarrak onartutako Kontsulta Legea debekatzeari eman beharreko erantzuna ezin dela Estrasburgon Espainiaren kontrako salaketa jartzera mugatu argudiatu du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, hirukoak eta Aralarrek atzo plazaratutako ekimenean bide hori aipatu ez izana arrazoitzeko. "Konstituzionalaren erabakiak sortutako arazoa naziortean zabaltzeko ekimenak Europako Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegian salaketa jartzea baino zabalagoa izan behar du", azpimarratu du Ser irrati katean egin dioten elkarrizketan.

EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek proposamen bat aurkeztu zuten atzo herritarrek galdeketaren aldeko eta debekuaren kontrako jarrera agertu eta alderdi horiek Europan egingo dituzten ekimenekin bat egin dezaten. "Herritarrei eskatzen diegu alderdi politikook lantzen joango garen eta Europako zein nazioarteko foroetan aurkeztuko ditugun ekimenei atxikimendua adierazteko", azaldu du jeltzaleen presidenteak. Ekimen horiek ez direla Giza Eskubideen Auzitegira mugatuko azpimarratu du, baizik eta Europako Legebiltzarrera, Europako Kontseilura, Europako alderdi politikoetara eta beste foro batzuetara jo dezaketela; Estrasburgoko auzitegira jotzeari ez diotela uko egiten zehaztu du.

Irailaren 1ean, urte politiko berria hasi zenean, Auzitegi Konstituzionalak galdeketa galaraziz gero erantzun nagusia herritarrak Estrasburgoko Auzitegian Espainiako Estatua salatzera bultzatzea izango zela iragarri zuen Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritlzako lehendakariak. Irailaren 12an Konstituzionalak debekua erabaki zuenean, Jaurlaritzako kideek norbanako gisa hilaren 23an jarriko zutela salaketa erantsi zuen Ibarretxek. Hirukoak eta Aralarrek atzo plazaratutako ekimenetan, ordea, Estrasburgo eta salaketa ez dira aipatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.