Estrategia berrituko du gaur Nazio Eztabaidaguneak

Datozen urteetako nazio estrategia zehaztuko du gaur Nazio Eztabaidak, Barañaingo bilkuran

Pello Urzelai.
2007ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Sortu zenetik lau urte igaro direnean, Nazio Eztabaidaguneak Euskal Herriko egoeraren azterketa berritu eta datozen urteetako nazio estrategiaren ildoak zehaztuko ditu, Barañainen egingo duen batzarrean.

Lubakietatik ateratzeko garaia zela esanez, lubakietatik ateratzeko borondatearekin sortu zen Nazio Eztabaidagunea, 2003ko urrian, ereiteko orduan basamortua baino ez zegoela zirudien garaian. Lan iraunkorraren bidez, eta proposamenak adosteko borondateari eutsita, hainbat fruitu eman ditu lau urteotan, bai gatazkaren konponbideari begira bai nazio eraikuntzaren alorrean.

Egungo egoerak iraganeko garai zaharrak gogorarazten dituela badirudi ere, Nazio Eztabaidaguneak uste du egoera ez dela lehengo puntura itzuli eta, beraz, egin beharreko lana ez dela hutsetik hasi behar. Gogoeta horren haritik, gaur Barañainen egingo duen eh07 Nazio Eztabaidan nazio estrategia egokitua hitzartu eta zehazteko asmoa du. Izan ere, nazio estrategia «Euskal Herriak behar duen aldaketa politikoaren norabidean» kokatu behar da, aipatutako bilkurarako landu diren txostenen arabera.

Azken lau urte hauetan, Nazio Eztabaidaguneak bi ildo nagusi landu ditu: gatazkaren konponbidearen sustapena eta nazio eraikuntza. Era paraleloan, bakoitza bere bidetik. Aurrerantzean, uztartuago lantzeko asmoa du, nazio eraikuntzan ereindakoak gatazkaren mamia finkatzen balio izango duenez konponbidearen eremuan ere uzta emango duelakoan.



PP-REN ERASOALDIA. Lizarra-Garaziko akordioaren garaian, PPk begiz jo zuen Udalbiltza. Euskal Herri osoko nazio ikurra zelako, eta egungo estatus juridiko politikoa gainditzeko tresna bilaka zitekeelako. Indar abertzaleen arteko akordioa hautsi eta su-etena amaitu zenean, Aznarren gobernuak beste Lizarra bat ez gertatzeko estrategia lantzeari ekin zion. Lehenengo, Eusko Legebiltzarrean alderdi abertzaleei gehiengoa kentzearekin amestu zuen. Ondoren, ezker abertzalea legez kanporatzeko estrategia abiatu zuen, PSOEren laguntzaz. Erasoaldi horretan, PPk beste maila bat igo zuen 2003ko otsailean, Euskaldun Egunkaria ixtea bultzatu zuenean. Eta beste bat bitan banatuta zegoen Udalbiltzaren zati baten kontra (hain zuzen, ezker abertzalea dinamizatzen ari zena) jo zuenean. 2003ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan, ezker abertzalearen hautagaitza gehien-gehienak legez kanpo utzi bezperan.

Hain zuzen ere, 2003ko apirilaren 25ean, Udalbiltzaren batzar berezi batean onartu zen Nazio Eztabaidagunea izena zuen egitasmoa, polizi operazioa gauzatu baino hiru egun lehenago. Asmoa ez zen gelditu, polizi operazioa izan arren. «Euskal Herriak nazio gisa bizirik irauteko ezinbestekoak diren soluziobideak zeintzuk diren adostu, eta, berauek gauzatze aldera, premiazko neurriak finkatzea» zen egitasmo berriaren helburua. 2003ko uztailaren 4an, Udal Hautetsien Biltzarrak Donostian antolaturiko ekitaldian aurkeztu zen ekimen berriaren proposamena. Hortik aurrera, Nazio Eztabaidaguneak bere bidea egin zuen, bilgune gisa, talde sustatzaile baten esku, siglak alde batera utzita. Sorrera urrian izan zen, bi konpromiso zehatzekin: nazio eraikuntzaren ekintza plana eta gatazkaren konponbiderako proposamena.



BI LAN ILDO. Horiexek izan dira Nazio Eztabaidaguneak landutako bi ildoak, eremu bakoitzean tresnak sortuz. Nazio eraikuntzari dagokionez, Nazio Garapenerako Biltzarra sortu zuten, nazio gisako ekimenak programatu eta babesteko, nazio erakundetzeaz arduratzeko eta nazio diskurtso propioa garatzeko. Hainbat proiektu eta egitasmotan sustatzaile lana egin du Nazio Garapen Biltzarrak: Gazte Kontseilu Nazionala, Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa, euskal curriculuma, euskal unibertsitatea, Gogoeta XXI sarea...

Gatazkaren konponbideari begira bideratutako lanak une garrantzitsuak izan ditu azken urte hauetan. Gatazkaren konponbiderako oinarriak eta ezaugarriak adostu eta finkatu ondoren, konponbiderako mahaiaren sustatzaile nagusietako bat izan da Nazio Eztabaidagunea. Zeregin horri Anoetako proposamena kaleratu baino lehen ekin zion. Ondoren, osatu beharreko mahaira oinarrizko akordio bat eramaten saiatu zen. Sintesi ahalegin horretatik iritsi zen Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa, 2005eko martxoaren 5ean 50 eragile politiko, sindikal eta sozialek sinatutakoa. Subjektu politikoa eta galdeketa uztartu zituzten hitzarmen hartan: «Euskal Herri osoan, herritar guztiei, Euskal Herriaren etorkizunari buruz galdetu behar zaie, eragileek adostutako moduan». OHD kudeatzeko Hitzarmenerako Mahaia sortu zuten eta nazioartean babesa lortu, 2006an hasieran eratutako Friendship-aren bitartez.

Jakina, garai horretan, konponbiderako negoziazio prozesu bat egosten ari zen, funtsean ezker abertzalearen eta Espainiako gobernu sozialistaren artean.

OHDren sinatzaileek konponbidearen alde deitutako manifestazioa bat etorri zen ETAren su-etenaren irarpenarekin. Manifestazio erraldoia izan zen Bilbon, apirilaren 1ean. Ondoko garaian izandako jardunaz, baina, autokritika egin du Nazio Eztabaidaguneak. Azken asteetan egindako gogoetaren arabera, «gatazka politikoari konponbide demokratikoa emateko mami edo edukiak jokoan egon diren unean, indar sakabanaketa handitu da». Alderdi nagusiek adostu eta egingo zutenari begira, autodeterminazioaren aldeko eremua ez da behar adina indartu. «Mami politikoak ez dira jendartean behar bezainbeste errotu eta prozesua atzeraezina izateko aski izan». Gogoeta horiek kontuan hartuta berrituko ditu Nazio Eztabaidaguneak gaur estrategia eta lan ildoaren norabidea.

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.