«Eta argia noizko, alkate?»

Uholdeek kaltetutako eremuetara bisita egin dute Izagirre alkateak eta Garitano ahaldun nagusiak. Jendeak gogor hartu ditu, haiengan hustuz daukaten haserrea.

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Herritarren parte hartzearen adibide izan zen atzo eguerdian Martutene. Uraldeek utzitako kalteak ikustera joan ziren auzora Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta hainbat alderditako ordezkariak. Herritar hainbatek haien gain jarri dute ordu luzez pilatutako haserrea. Izagirre hartu dute begitan bereziki, eta galderaz josi dute. «Argia noizko, alkate?», egin dio galdera emakume batek automobiletik jaitsi gabe. «Gaur izango dela agindu digute», erantzun dio. Keinu ezkorra eginda abiatu da andrea. Haren atzetik, dozenaka auzotar pilatu dira alkatearen inguruan.

Ordu batean, hara irudia: Martuteneko gasolindegiaren aurrean, azalpenak eman eta eman Izagirre, Garitano aterkiari eusten ari zen bitartean. «Atzoz geroztik lau aldiz etorri naiz hona; goizeko bostetan hemen nintzen», erantzun die alkateak, herritarrek ezer ez egitea egotzi diotenean. «Orain etorri zarete, itxura egitera?», egin du oihu herritar batek, belaunetan gora lokaztuta. «Alkate hau gutxienez etorri egiten da!», erantzun dio beste herritar batek. Irainak ere izan dira.

Udalak eskura zeukana egin duela nabarmendu du alkateak: «Ikaragarria izan da. Atzo goizetik etengabe egon gara gainean. Baliabideek funtzionatu dute, baina izugarria izan da. Menditik jaitsi da ura, eta hau gertatu da».

Añarbeko urtegiaz egin diote galdera herritarrek alkateari. Urak hazita zetozen garaian ireki egin ote duten galdetu diote, eta batzuek hori egin izana ere aurpegiratu diote. Izagirre: «Behin urak jaitsitakoan ireki ziren ateak, arriskua zegoelako. Bakarrik ireki zen momentuan jasotzen ari zen ura, ez zuen emaria gehitzen».

«Arazo larria dago hemen»

Martutenekoa oraingo kontua ez dela dio alkateak: «Arazo larria dago hemen, eta lan handiak falta dira. Azterketak martxan daude». Legealdi honetan konpontzen hasteko hitza eman du. Orain bizilagunei aterpea eskainiko dietela bermatu du. Herenegun bezala bart gauean, udalak aukera jarri du dituen etxeetan lo egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.