Azken hilabeteetan Ertzaintza hainbat herritako euskal presoen argazkiak kentzen ari da Eusko Jaurlaritzaren aginduz. Gaur, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ertzainen lanaren baloraketa egin du eta "oso positiboa" izan dela nabarmendu. Hala ere, ekintza horrekin jarraitzeko "guztien babesa" behar duela adierazi du. Horregatik, udalei eskatu die "ETA babesten duten txosnei" baimenak ukatzeko. Izan ere, udalei dagokie txosnak zabaltzeko baimena ematea. Eudelekin biltzeko asmoa adierazi du Aresek, baina oraindik ez dute zehaztu noiz elkartuko diren.
"Zoritxarrez ETAren sinboloetara ohitu diren herritarrei, hiltzaileak goratzen dituzten eta gizartea mehatxatzen duten guneetan ez sartzeko" deia egin die Aresek.
"Terrorismoa gorestea" leporatuta 160 argitze-agiri bidali dituzte aurten Auzitegi Nazionalera, Rafael Iturriaga Segurtasun sailburuordeak jakinarazi duenez. Aurreko urtean 14 argitze-agiri ireki zituzten.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren aginduz, presoen argazkiak kentzen ari da Ertzaintza, irudiok "terrorismoa goresten" dutelakoan. Nafarroako Gobernuak Guardia Zibilari, Espainiako Poliziari eta foruzainei ere presoen argazkiak kentzeko agindu die.
Propaganda egitea egotzi dio Jaurlaritzari Egibarrek
"Betebehar berri bat eman diote Ertzaintzari, kaleetatik [euskal presoen] argazkiak kentzea. Hori ez da Ertzaintzaren lana, udaltzainena baizik", nabarmendu du Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak. Jokaera horrekin "propaganda" egin nahi izatea leporatu die Aresi eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne sailburuari.
politika
"ETA babesten duten txosnei" baimenak ukatzeko eskatu die Jaurlaritzak udalei
"Zoritxarrez ETAren sinboloetara ohitu diren herritarrei, hiltzaileak goratzen dituzten eta gizartea mehatxatzen duten guneetan ez sartzeko" eskatu die Aresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu