Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Espainiako Gobernuari kritika egin dio, "ETAren behin betiko bukaera errazteko eta bakea lortzeko erabakirik ez duelako hartu eta jarrera gogorrari eusten diolako". Esate batera, espetxe politikan aurrerapausorik eman ez izana egotzi dio.
"Horrelako jarrerek ETA ekinean zen garaian justifikazioa izan zezaketen. ETAk indarkeria utzi duenean, armei agur esan dienean eta inoren kontrako atentaturik ez egiteko posizio garbia erakutsi duenean, halako jarrerek ez dute zentzurik", esan du Erkorekak ETBn egindako elkarrizketa batean.
Hark uste du "espetxe politika lasaitu" beharra dagoela, eta Jaurlaritzak hori erdiesteko ahalegina egingo duela adierazi du. "Politika hori indargabetzen joan behar da. Horretarako estrategia eta bide asko daude". Horietako bat datorren larunbatean Herrira-k antolatuta Bilbon egingo den euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa dela azaldu du Erkorekak, baina iragarri du Jaurlaritza ez dela han izango —EAJ ere ez da egongo—.
Aurrera begira, "euskal herritarren bizikidetzarako erabaki esanguratsuak" hartzeko "ezinbestekoa" izango da "adostasun politikoak" izatea, haren arabera. Jaurlaritzak EAEko legealdi hau baliatu nahi du akordio horiek lortzeko, Erkorekak esan duenez.